Itzubaltzeta III gaztetxea zigilatu gura du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 11a, 18:14

Gaurko irudia.

Itzubaltzeta III gaztetxea desinfektatzeko planteamendua egin diote gune autogestionatuko kideek Getxoko udal-agintariei. Gaur egindako bileran, garbiketa hori behar bezala gauzatzeko protokolo egokia zein izan zitekeen galdetu diete gazteek arduradunei; horren aurrean, baina, udal-gobernuak jakinarazi die Udala dela udal-jabetzako ondasunak "modu eraginkorrean" desinfektatzeko arduraduna eta ohartarazi du eraikina itxita mantentzeko "egokitzat hartzen dituen neurriak" hartuko dituela. Segituan, udal-langileak gaztetxera bertaratu dira eraikina ixteko asmoz.

Getxoko Udaleko eta Itzubaltzeta gaztetxeko ordezkariek bilera egin dute gaur, gune autogestionatua dagoen euskaltegi zaharraren eraikina desinfektatzeko planteamenduaren inguruan berba egiteko asmoz. Horren aurrean, Udalak argi utzi gura izan du eraikina udal-jabetzako ondasuna dela eta berari dagokiola gune hori desinfektatzea, "horretarako homologatutako baliabide material eta produktuekin". Hala, Udalak iragarri du egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko dituela berehala, inor eraikinera sar ez dadin eta inork erabil ez dezan, baita itxita jarrai dezan ere.

Gaztetxearen izaeraren harira, udal-arduradunek nabarmendu dute ez dutela onartzen gazteen jarduera udal-eraikin batean (euskaltegi zaharra) garatzen jarraitzeko gazteek egindako proposamena, "ondasun publikoen eta ondare-ondasunen izaera bera arautzearen aurkakoa delako". Era berean, udal-agintariek azpimarratu gura izan dute "beti" egongo direla prest kolektibo hori osatzen duten pertsonakaz berba egiteko, "edozein entitate, elkarte edo pertsonarekin bezala, batez ere auzoentzat eraikitzailea den guztiari buruz, beti ere oinarrizko arauak errespetatzen direnean". Gaztetxeko kideek, berriz, salatu dute "benetako elkarrizketarik" ez dela egon gaur Udalagaz egindako bileran, eta haiek oso jarrera trinkoa agertu dutela hasieratik, gazteak eraikinean legez kanpo daudela esanez.

Gaztetxeko kideen eta udal-ordezkarien arteko bilera amaitu ostean, lehenbizikoak gaztetxera joan dira eta han topatu dituzte hainbat udal-langile, Nagusien Etxeko atearen sarraila aldatu guran. Ez dute lortu, eta bien bitartean hainbat gazte eta Nagusien Etxeko erabiltzaile hurbildu dira ingurura, protesta modura. Oraintxe, ehunka lagun dago kanpoaldean, udal-langileen eta udaltzainez gain, eta Ertzaintza hurbildu da. Nagusien Etxeko kideek salatu dutenez, eraikinera sartu gura izan dute "konponketa" bat egiteko asmoz. Hala ere, deitoratu dute hori hala izatekotan atea zabaldu besterik ez zutela, horretarako giltza badaukatelako.

Errekaganeko gizarte-zentroa

Udal-gobernuak aitortu du garai batean Errekaganeko eraikinak zeuden tokian gizarte-zentro bat eraikitzeko prozesuak, batez ere gazte-izaerakoa, denbora-luzapena izan duela, oro har prozesuan zehar sortu diren arazo teknikoen ondorioz. Arazo tekniko horiek, azaldu duenez, "lekuaren kokapen bereziarekin" dute zerikusia. Hala jakinarazi zaie proiektu honetarako ohiko solaskideei: "Udal-eraikin dotazional baten aldeko apustua egiten dugu, ekintzailetzarako eta auzoko asoziazionismorako, kulturarako, aisialdirako, herritarren partaidetzarako eta, bereziki, gazteriarako espazioa izango duena, eredu irekia, soziala, auzokoa, non gazteek protagonismoa izango duten, eta bizikidetza-eredu zabala, non mundu guztiak tokia izango duen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun