Koronabirusa Uribe Kostan

Koronabirusa dela eta, Itzubaltzeta III gaztetxeak bere jarduna eten du behin-behinean

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 13a, 08:55

Udaltzaingoa bertaratu da, gazteek eraikina itxi ostean.

Atzo goizean, eguenean, Getxoko Udaltzaingoa gerturatu zen Itzubaltzeta III gaztetxera hura desalojatzeko aginduagaz, bertako gazteek HIRUKAri jakinarazi diotenez. Polizia-buruak haiei emandako agirian irakur daitekeenez, koronabirusaren krisia dela eta,  okupatutako eraikina hustea dute helburu udal-arduradunek, Getxoko udal-eraikin eta zerbitzuakaz egin duten legez. Egoera horren aurrean, gazteek bat egin dute Osasun Sailak gomendatutako neurriakaz eta aurreikusitako ekintza denak bertan behera utzi eta eraikina itxi dute.

Itzubaltzeta III gaztetxeko kideek azaldu dutenez, atzo, eguenean, Getxoko Udaltzaingoaren burua hurbildu zitzaien eraikina desalojatzeko asmoagaz, "Covid-19 aitzakiaren pean", deitoratu dutenez. Udal-arduradunek igorritako oharraren arabera, okupatutako eraikina hustu behar zuten gazteek gaurko, barikurako, 12:00ak baino lehen. Horren aurrean, gaztetxekoek azaldu dute antolatutako ekintza denak bertan behera utzi eta gaztetxea itxi dutela, Osasun Sailak hartutako neurriakaz bat etorrita. Hala ere, aipatu dute ez dutela onartzen Udalaren erabakia: "Udaleko arduradunek esan dute ez dakitela zer aipatzen duten desalojo batekin. Gu lelo moduan uzteko estrategiarekin jarraitzen dute. Romoko herriak ez du bere presiorik onartzen". Eguerdiko 12:00ak pasatxo, Getxoko Udaltzaingoa lekura bertaratu da eta gazteek hartutako neurrien berri izan du; hala, atestatua zabaldu eta alde egin du udaltzain-buruak.

Getxoko udal-eraikin denak itxi dituzte gaur [udal-kiroldegiak izan ezik, norberak bere ardurapean erabili baititzake, Udalak jakinarazi duenez], Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako aginduei kasu eginez koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Hori dela eta, udal-arduradunek uste dute gaztetxe gisa okupatutako eraikina ere hustu egin behar dela "kutsatzeko-fokoa" izan daitekeelakoan. Bere aldetik, Ibon Rodriguez EH Bilduko zinegotziak sare sozialetatik adierazi duenez, Getxoko Udalak bere taldearen babes eta laguntza osoa izango du koronabirusari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Hala ere, azpimarratu du koalizio abertzaleak ez duela inola ere babestuko osasun-krisi bat erabiltzea aitzaki gisa gaztetxe bat desalojatzeko.

Getxoko Udalak Itzubaltzeta III gaztetxeari helarazitako huste-agindua:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun