Ertzaintza sartu da Itzubaltzeta III gaztetxera

Iker Rincon Moreno · Unai Brea 2020ko mai. 11a, 22:52

Arratsalde osoan tentsio izan eta gero, azkenik ertzainak sartu dira Romoko Itzubaltzeta III gaztetxean, gaueko hamarrak galdera. "Inolako agindu judizialik gabe, eta beraz ilegalki sartu dira", salatu dute gaztetxeko kideek, eta iragarri dute prentsaurrekoa emango dutela bihar, 09:30ean, gaztetxearen aurrean.  

Ertzaintza gaztetxera sartu baino ordu batzuk lehenago, bilera egin dute udal-ordezkariek eta gaztetxekoek, gune autogestionatua dagoen euskaltegi zaharraren eraikina desinfektatzeko planteamenduaren inguruan berba egiteko asmoz. Horren aurrean, Udalak argi utzi gura izan du eraikina udal-jabetzako ondasuna dela eta berari dagokiola gune hori desinfektatzea, "horretarako homologatutako baliabide material eta produktuekin". Hala, Udalak iragarri du egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko dituela berehala, inor eraikinera sar ez dadin eta inork erabil ez dezan, baita itxita jarrai dezan ere.

Gaztetxeko kideen eta udal-ordezkarien arteko bilera amaitu ostean, lehenbizikoak gaztetxera joan dira eta han topatu dituzte hainbat udal-langile, Nagusien Etxeko atearen sarraila aldatu guran. Ez dute lortu, eta Ehunka lagun elkartu dira kanpoaldean, udal-langileen eta udaltzainez gain, eta gerora Ertzaintza ere hurbildu da. Azkenik, horiek sartu dira eraikinera, hura kudeatzen duten gazteen esanetan "oso oldarkor jokatuz".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun