Koronabirusa Uribe Kostan

Udako jaialdiak ere bertan behera utzi ditu Getxoko Kultur Etxeak

Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 08:51

San Lorentzo azoka bertan behera utzi dute, besteak beste.

Udako ohiko egitaraua bertan behera uztea erabaki du Getxoko Kultur Etxeak COVID-19ak eragindako larrialdi-egoera eta esparru itxietan zein aire librean jarduerak egiteko eta ekitaldi jendetsuetan edukiera mugatzeko irizpideak aztertu ostean. Horien artean nabarmendu behar dira 44. Nazioarteko Jazzaldia (uztailak 1-5) eta San Lorentzo azoka (abuztuak 10). Horiez gainera, jende asko biltzen dituzten 36. Nazioarteko Folk Jaialdia (irailak 25-27) eta 19. Komiki Azoka (urriak 2-4) ere bertan behera utziko dira.

Getxoko Udalak azaldu duenaren arabera, erabaki hori hartzeko hiru arrazoi egon dira: "ekimen horiek ezin dira egin aurreikusitako baldintzetan, antolakuntza eta ekoizpen lanak jarduera etenaldiaren barruan daude eta, azkenik, gune publiko berean izaten dira biak".

Horiez gain, udako beste ohiko ekitaldiak ere bertan behera geratu dira, esaterako Nazioarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik magia jaialdia eta Letren Terrazak (udako liburutegiak), baita Muxikebarri Antzokian programatuta zeuden beste zenbait ikuskizun ere. Egoerak ahalbidetzen duen neurrian, Muxikebarrin martxotik aurrera bertan behera geratu ziren ekitaldiak aurtengo azken hilabeteetan edo 2021. urtean zehar berriro programatuko dira.

Bertoko kultura jarduera eta sektorea bultzatzeko eta herritarrak animatzeko asmoz, Kultur Etxeak udako kultura-ekimen programa antolatzea aztertzen dabil, baldin eta osasun-egoera ahalbidetzen duen eta agintariek zehaztuko dituzten osasun-baldintzak eta urruntze soziala bermatzeko arauak betetzeko aukera dagoen.

Zentroak eta zerbitzuak

Kultur Etxea eta udal liburutegietan egiten diren ekitaldiak bertan behera geratu dira irailaren 15era arte, eta baita areto-lagapen zerbitzua ere. Aurreko hilabeteetan bertan behera geratu diren ikuskizunetarako aurretik erositako sarreren dirua ekainaren 8tik aurrera itzuliko da, aurretiko hitzordua eskatuta (94 491 40 80 telefono edo kulturetxea@getxo.eus e-postaren bitartez).

Kultur Etxeak antolatzen dituen tailerrei dagokienez, ekainaren amaieran bertan behera geratu eta online egiteko aukerarik ez zuten tailerren kuotak itzuli egingo dira. Egoerak ahalbidetzen badu, ekaineko lehenengo astean Villamonte, San Nikolas eta Itzubaltzeta/Romoko liburutegien lagapen-zerbitzua abiatuko da. Hori zentroetan bertan egingo da eta lehentasuna izango dute telefono edo e-postaren bitartez aurretiko hitzordua eskatzen duten erabiltzaileek. Liburutegietako irakurketa-postuak eta ikaslekuak ezin izango dira erabil abisua eman arte.

Azkenik, udal euskaltegia bakarrik zabalduko da azterketa ofizialetarako prestakuntza egin behar dituzten bost ikasle-talderentzat. Halaber, Alarma Egoeragaz batera abian jarri zen irakaskuntza telematikoak jarraituko du.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun