Koronabirusa atzerrian

"Ekonomiari garrantzi handiagoa eman zaio hemen jendearen osasunari baino"

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 29a, 12:42

COVID-19aren pandemiak bidai luze baten erdian harrapatu du Sara Álvarez Gallastegui. Joan den 2019ko urtarrilean motxila hartu eta herrialdez herrialde ibili da ia urte eta erdiz, koronabirusak Brasilen agerpena egin zuen arte. Gazteak azaldu digunez, hasiera batean datorren urtean bueltatzeko asmoa zuen arren, azkenean planak aldatu eta datorren astelehenean aberriratzea aurreikusi du, “gutxienez etxean uda pasatzera; gero saiatuko naiz bueltatzen eta bidaiarekin jarraitzea”.

Rio de Janeiron dabil egunotan Sara Álvarez Gallastegui, duela urtebete baino gehiago abiatutako bidaiaren erdian. Aitortu duenez, pandemiak bere plan denak buruz behera jarri ditu. 2019ko urtarrilean bizkarreratu zuen motxila aurrenekoz, eta boluntariotza-lanak eginez ibili da aurrera eta atzera. Berbarako, Brasilen borondatezko lan bikoitza egiten ibili da. “Alde batetik, hostal batean egin dut lan ostatuaren eta janariaren truke; eta bestetik, komunitate ezagun batean lan egiten duen GKE batean laguntzen ibili naiz, gazteei begirako hezkuntza eta jarduerak egiten”. Orain, baina, hostalak ateak itxi ditu eta GKEak bere jarduna eten du, koronabirusak ezinezkoa egiten zuelako jendea batzea. Hala, datorren astelehenean etxera bueltatzea aurreikusi du gazteak.

"Herrialdearen tamaina eta osasun-baldintzak zeintzuk diren kontutan hartuta, egoerak gero eta okerrago egingo du"

Inauterien ajearen ondoren kolpatzen hasi zen Brasil COVID-19a, martxoaren bigarren astetik aurrera. Gazteak azaldu duenaren arabera, Rio de Janeiron egunero jai-giroa egotetik dena itxita eta geldituta egotera igaro zen. Hasiera batean herrialdean barrena koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriak egoera kontrolatzen lagundu zuela uste du Álvarez Gallasteguik. Hala ere, apurka-apurka kutsatuen eta hildakoen kopurua gero eta arinago hazten hasi da, “eta herrialdearen tamaina eta osasun-baldintzak zeintzuk diren kontutan hartuta, egoerak gero eta okerrago egingo du”. Gaur egunera arte 430.000 pertsonatik gora kutsatu eta 26.754 hil dira herrialde horretan.

Dena dela, ez dago derrigorrezko konfinamendurik Brasilen, Jair Bolsonaro presidenteak hala aginduta, “baina bai da gomendagarria”. Izan ere, Europako herrialde kolpatuenetan jazotakoa ikusi ondoren, jendeak beldurra sentitzen hasi eta etxean gordetzea erabaki zuela dio Álvarez Gallasteguik. “Bakarrik irteten dira ezinbestekoak diren erosketak egitera”. Apiriletik aurrera, aldiz, kalera irteteko eta edozein establezimendura sartzeko maskara erabiltzea derrigortu zuten, baita jende-pilaketak debekatu ere. Hala ere, gazteek bertan bizi duten egoera tamalgarria dela nabarmendu du: “umeek ez daukate zer egin, online hezkuntzak ez du funtzionatzen hemen, eta horrenbeste denbora librea izatea oso arriskutsua da eurentzat, narkotrafikoan sartzeko arriskua dutelako”.

“Umeek ez daukate zer egin, online hezkuntzak ez du funtzionatzen hemen, eta horrenbeste denbora librea izatea oso arriskutsua da eurentzat, narkotrafikoan sartzeko arriskua dutelako”

Bolsonaro presidenteak aurrera eramandako neurriak gogor kritikatu ditu gazteak: “Hasieratik argi utzi zuen bere asmoa ekonomia ez geldiaraztea zela; koronabirusa gripe sinple batekin alderatzen zuen eta herritarrei esan zien bizitza normala egin zezaten. Ekonomiari garrantzia eman zion, jende ahulena babestearen gainetik”. Horren harira, uribekostarrak nabarmendu du biztanleriaren zatirik handiena pobrezian bizi dela, eta horiek ezinezkoa dutela euren negozioa itxi eta, ondorioz, etxean gelditzea. “Gehienek nahiago dute COVID-19arekin kutsatzeko arriskua hartu gosearen heriotza sentitzea baino”. Horren ondorioz, ohikoa da egunotan jendea ikustea “normaltasun berriari” ohituta, maskara sinple bategaz babestuta lanean. Inguru aberatsetan, aldiz, babes-neurriak modu zurrunean betetzen dira: “Copacabana ezezaguna da orain, hondartza basamortua dirudi eta negozio denak itxita daude. Gainera, polizia edonon ikus daiteke distantzia-soziala mantentzen dela ziurtatzeko”. Auzo aberatsen eta txiroen arteko aldea are gehiago agerian gelditu da pandemiaren krisia dela eta.

"Krisi honek begiak irekitzen laguntzea espero dut, horrela, gizakiok aldaketa sozial handiagoa sustatuko genukeen"

Elkartasuna, inoiz baino garrantzitsuagoa

Pandemiak herrialdea gogor kolpatzen dabil orain, eta egoera are zaurgarriagoa da komunitate ahulenen artean. Hori dela eta, laguntza behar duten pertsonentzako maskarak egiten ibili da azkenaldian Álvarez Gallastegui: “TNT materiala erabilita, maskara oso sinpleak egiten ikasi eta doan ematen ditugu”. Era berean, laguntzen zegoen GKEan komunikazio kanpaina batean lanean dabil orain, janaria eta dirua bildu eta Turano komunitateari emateko. “Egoera oso delikatua da, 15.000 pertsona baino gehiago bizi da hemen eta gehienak murgildutako ekonomiaz bizi dira. Hori paralizatuta dago guztiz orain, beraz, ez dute diru-iturririk. Elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da orain eta espero dugu egoera honetatik elkartuagoak eta indartsuagoak ateratzea”.

Besteak beste, TNT materialezko maskarak egiten ibili da Sara Álvarez Gallastegui egunotan familia behartsuentzat.

Erlazionatuak

"Ezin gara gure egoeraz kexatu"

Iker Rincon Moreno 2020 mai 26 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun