Koronabirusa atzerrian

"Ezin gara gure egoeraz kexatu"

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 26a, 09:39

Bedford 1978 auto-karabana bat egokitu eta horretan bizi dira Australian.

Australiako Gold Coast aldean dabiltza Iñigo Calvo de la Quintana eta Julen Arrizabalaga Gonzalez. Duela 3 urte egin zuten salto antipodetara, bertan lan egitera eta auto-karabana batean abentura berriak bizitzera. Diotenez, koronabirusak agerraldia egin du bertan, baina daborduko ia dena normaltasunean dagoela aitortzen dute. Izan ere, Australiako egoerak ez dauka zer ikusirik berton bizi izan dugunagaz: 25 milioi biztanletik 7.119 COVID-19 kasu atzeman dituzte gaur arte, eta 105 pertsona hil dira.

Australian konfinamendua ere ezagutu dute, eta hori indarrean egon da duela gutxira arte. Hala ere, etxealdia “nahiko lasaia” izan dela aitortu dute gazteek, “orain dela hilabete inguru hasi zen, baina jada amaitu da”. Gobernuak hartutako neurriak tabernak, gimnasioak eta horrelakoak ixtea izan zela azaldu dute: “krisiaren bi aste gogorrenetan ia dena itxita egon zen, supermerkatuak eta oinarrizko gauzak saltzeko dendak izan ezik”. Hala ere, kalera atera, kirola egin eta lagunen etxera (2 lagun gehienez) joan zitezkeen, baita hondartzara joan olatuez gozatzera. Apurka-apurka larrialdia baretuz joan da bertan eta daborduko normaltasuna bizi dutela aitortu dute, “distantzia soziala mantenduz noski”.

“Familia edo lagun bati zerbait pasako balitzaio gu oso urrun gaude eta horrek beldurra sortzen digu”

Lanari dagokionez, biek lanean segitu dute euren lanpostuetan. Azaldu dutenez, Iñigo “guztiz normal” dabil lanean Auto Marine Electricalen. “Eskuak gehiago garbitu eta distantzia mantendu beharra dago, baina bestela normal ari gara hemen”. Julen, aldiz, etxetik ari da lanean Vitality 4 Life enpresan marketin arduradun gisa. Astean birritan joan behar izaten du bulegora, baina bestela den-dena etxetik egin dezakeela aitortzen du, “ez da aldaketa askorik nabaritu”.

Okerrena etxetik urrun egotea izan dela azpimarratu dute biek, “familia edo lagun bati zerbait pasako balitzaio gu oso urrun gaude eta horrek beldurra sortzen digu”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun