COVID-19aren pandemiak Kolonbiatik bidaiatzen ari zela harrapatu zuen. Bertako Gobernuak martxoaren 18an jakinarazi zuen bost egunen buruan konfinamendua ezarriko zuela; hala ere, jakinarazpen hori egin bezain laster lur eta aireko garraiobide denak eten zituzten agintariek. Getxoztarrak aitortu duenez, berak "zortea" izan du bere bikotekidea Bogotan bizi delako eta beragaz berrogeialdia egiteko aukera izan duelako bertan. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak hegaldi bi antolatu zituen Kolonbian harrapatuta zeuden herritarrak aberriratzeko; martxoaren 27an lehenengoa, eta maiatzaren 2an azkena. Horien ondoren, "itzulera-hegaldien faseari amaiera" emango ziotela jakinarazi zuen Pablo Gómez de Olea Espainiako enbaxadoreak. Berekoetxea ezin izan zen horietako batean ere ontziratu.
"Nik Eusko Jaurlaritzako ordezkariari galdetu nion ea zein izan zitekeen aukerarik onena etxera bueltatzeko eta berak Amsterdamerako bidea hartzea gomendatu zidan, bertatik zuzenean Madrilerako hegaldiak egongo zirelakoan"
Horren ondorioz, herrialdean harrapatuta zeuden euskaldunak bilatzen hasi zen getxoztarra, baita lortu ere. Batutako euskaldunetako bat Rafael Kutz Garaizabal Eusko Jaurlaritzaren Kolonbiako ordezkariagaz harremanetan zegoen eta hark gomendatu zien euren datu guztiak batzen zituen zerrenda bat osatzea. Era berean, Euskal Herriko hainbat hedabidegaz harremanetan jarri ziren bertan harrapatuta zeuden denen egoeraren berri gizarteratzeko. Hori egin eta egun batzuetara, Espainiako Kontsulatuak Europara bueltatzeko hegazkinak egongo zirela jakinarazi zuen bere webgunean, hala nola Amsterdam, Paris eta Munichera zihoazenak. "Esaten zuten balitekeela plazaren bat libre egotea hegaldi horietan eta interesa zutenek izena emateko deia egin zuten", azaldu du Berekoetxeak. Jende askok, baina, uko egin zion aukera horri; getxoztarrak ez. "Nik Eusko Jaurlaritzako ordezkariari galdetu nion ea zein izan zitekeen aukerarik onena etxera bueltatzeko eta berak Amsterdamerako bidea hartzea gomendatu zidan, bertatik zuzenean Madrilerako hegaldiak egongo zirelakoan". Eta halaxe egin zuen; izena eman eta bueltatzeko odiseari hasiera eman zion.
"Egun gutxira Kontsulatua nirekin harremanetan jarri zen, bi hilabetean aurrenekoz, esateko ezin zutela hegaldia ziurtatu, baina egotekotan horren kostua 1.000 eurokoa izango zela azpimarratu zidaten. Oso anbiguoa zen dena". Prezioa garestia iruditu zitzaion arren, etxera bueltatzeko beharra zela eta baiezkoa eman eta lekua gorde zioten. Handik gutxira beste dei bat jaso zuen getxoztarrak, jakinarazteko hegaldia aldatuko zela eta beste konpainia bategaz egingo zuela hegan, baita azkenean prezioa 650 eurokoa izango zela ere. Une horiek oso nahasgarriak izan zirela gogoan du Berekoetxea, "uneoro esaten zuten bertan behera gelditu egiten zela hegaldia eta gero beste bat ateratzen zen". Amsterdamerako bidaia egiaztatu eta hurrengo egunera Espainiako Kontsulatuak Madrilerako zuzeneko hegaldi bat antolatu zuen. "Ez naiz hartutako erabakiaz damutzen, horretarako jende piloak eman baitzuen izena: 700 pertsona hegazkin bakarrerako". Askok lurrean gelditu behar izan dute, hegaldi horietarako konfirmaziorik jaso ez zutelako; hala ere, getxoztarrak dio apurka badirudiela gero eta aukera gehiago egongo dela aberriratzeko. Bere kasuan, maiatzaren 21ean ekin zion bideari, Holandara hegan egin ondoren Madrilen lurreratu eta bertatik busez Bilbora bueltatzeko. Hainbat egunez berrogeialdian egon ondoren, PCR proban negatiboa eman du eta mediku gisa lanean hasteko zain dago berriro ere.
Bogotatik Bilbora
Lau orduko kontrolak igaro ondoren, maiatzaren 21ean ontziratu zen Maialen Berekoetxea Bogotatik Amsterdamera joateko. «Denak pilatuta joan ginen hegazkinean, leku librerik gabe», deitoratu du getxoztarrak. Ondoren, 24 ordu eman zituen Holandako hiriburuan Madrilerako hegazkina hartzeko zain. Behin Espainian, autobus bat hartu eta Bilborako bidea hartu zuen, maiatzaren 25ean. Hilabete biko prozesua bost eguneko bidaia egiteko Bogotatik Bilbora.