Elkarrizketak

"Egoera errepikatuz gero ezingo genuke berriro zabaldu"

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 4a, 10:48

2. faseari itxaron behar izan diote Goikoa taberna zabaldu ahal izateko.

Gainontzeko sektore askok bezala, kolpe latza jaso du ostalaritzak hilabete biotan bizi izan dugun konfinamendua dela eta. Javi Fontaneda Algortako Goikoa tabernako ugazabak maiatzaren 25ean zabaldu zuen pertsiana berriro, martxoaren 14tik aurrera hura zigilatuta izan ondoren.

Apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen ari dira egunotan gure herrietako kaleek. Konfinamendua arintzeko maratoian bete-betean gaude eta daborduko komertzioek eta tabernek ateak zabaltzeari ekin diote, martxa ezberdinetan bada ere. Bigarrenen kasuan, terraza zutenak izan ziren 1. fasea hasi bezain laster lehenengoak zabaltzen, denek hautu hori egin ez zuten arren; kalean esertzeko aukera ez zutenek, aldiz, 2. faseari itxaron behar izan diote. Horixe izan da Algortako Goikoa tabernakoen kasua. Terraza izan ezean, establezimenduaren barruan egon ahal izatera itxaron behar izan dute. Edukieraren erdian zabal dezakete, betiere soilik mahaietan zerbitzatuta. "Oraindino ezin dugu barran bertan ezer eskaini, horretarako ekainaren 8ra arte itxaron beharko dugu, gutxienez”, azaldu digu Javi Fontanedak, taberna horretako ugazabak, mahai bat desinfektatzen dagoen bitartean. Izan ere, edukieraren mugaz gainera, osasun-segurtasun protokolo bat bete behar dute tabernariek: "Pertsona bat mahai batean esertzen den bakoitzean hura desinfektatu behar dugu aurretik, baita komuna erabiltzen den bakoitzean ere”. 

“Terrazarik ez dugunok konfinamendua arintzeko 2. fasera arte itxaron behar izan dugu barrualdean jendeari zerbitzatzeko”

Barran oraindino ezin dute ezer eskaini, ezta pintxoak bertan eduki ere, edonoren eskura. Horretarako konfinamendua arintzeko 3. fasea hasten denera arte itxaron beharko dugu, ekainaren 8ra arte aurreikuspenen arabera. Egoera horrek hainbat taberna itxita mantentzera behartu du, horixe delako establezimendu askoren indargunea. "Gure kasuan ere horixe da berezi egiten gaituena, baina edukiera handiko taberna dugunez zabaldu ahal izan dugu. Hala ere, oraindino badaude horretarako aukerarik ere izan ez dutenak”, diosku Fontanedak.

Taberna dagoen lekua dela eta Alangoko anbulatorioaren joan-etorriez bizi da.”Joan den eguaztenean hasi ziren medikuak bertan lanean, baina oraindino ez dute aurrez aurreko kontsultarik egiten. Hala, ez da jende askorik pasatzen hemendik”. Bitartean, taberna zabaldu zutenetik auzoko jendeak ”oso ondo” erantzun duelako oso pozik dagoela dio Goikoakoak. Horrez gainera, futbola noiz hasteko zain dago baita ere, athleticzale amorratua izateaz gainera telebistan futbol-partiduak tabernan ikusteko jendea erakarri ahal izango duelakoan, "San Mamesera joaterik ez dugunez, espero dut tabernetan animatzea”.

“Aurreikuspenen arabera ekainaren 8an sartuko gara 3. fasean; orduantxe ahal izango dugu barran zerbitzatzen hasi”

Inork ez zuen espero

Martxoaren 14an itxi zuten Goikoa tabernako pertsiana, konfinamendua hasi baino egun bi lehenago. Zapatua zen, arrastiko 2-3ak aldera. Iluntzeko 12ak ziren hori egiteko muga. "Denok ipurdi-has harrapatu gintuen egoerak; inork ez zuen espero horrelako arazo baten aurrean egon gintezkeenik”, dio Fontanedak. Hasiera batean aste biko kontua izango zela uste zuen tabernariak; hala ere, egunak aurrera egin ahala egoerak luze joko zuela argi izan zuen,”dena kaos hutsa izango zen”. Eta hala izan da; hilabete bi eta erdi inguru behar izan da taberna berriro zabaldu ahal izateko. Bitartean, bizi izandako uneak gogorrak izan direla aitortzen du, inolako diru-sarrerarik izan ez duelako. "Maiatzaren 12a izan da lehenengo aldia nire subsidioa kobratu ahal izan dudana; bitartean, Gobernuak horiek kenduko zituela esan zuen arren, martxoko eta apirileko autonomoen kuota ordaindu behar izan dut (maiatzekoa ez diote kobratu). Eskerrak alokairua atzeratu didatela”, dio.  

“Agintariek agindutako laguntzak laster bideratzea espero dugu, ez lau edo bost hilabete barru; orain behar dugu laguntza, ez gerora”

Dirulaguntzarik ez, momentuz

Gobernuek hainbat dirulaguntza emango dituztela iragarri dute krisialdia iraun duen bitartean. Getxoko Udalaren kasuari dagokionez, deitoratu du inor ez dela beragaz harremanetan jarri, eta hedabideetan zabaldutako informazioagatik izan duela horien berri. Hala ere, berari dagozkion laguntza denak eskatu dituela azpimarratu du, orain horiek noiz ebatzi eta emango dituzten zain dago, "ez dauka zentzurik lau edo bost hilabete barru horiek ematea, orain gaudelako itolarrian”. 

Normaltasuna, nahi bakarra

Behin taberna zabalduta, hurrengo pausoa normaltasuna berreskuratzea dela dio Fontanedak. Izan ere, atzerapausoa emanez gero eta konfinamendura kondenatuko baligute berriro, horixe azkenengo zartakoa izango litzatekeela uste du: "Lehenengo kolpe honen ondorioz askok ezin izango dute zabaldu; bigarrenean, berriz, orain zabaldu dugunok ezin izango dugu hurrengoan egin”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun