Getxoko Udal Gobernuaren autoritarismoa ere estaltzen zaila izango da. Herriaren gehiengoaren iritziaren aurkako proiektu bat poliziaren indarrez inposatu zutela ez baitugu ahaztuko. Zementu armatuko aurpegidunak, hori bai, urrezko erretiroa lortu du Senatuan. Lasai Imanol, Madrilen ez duzu amesgaiztoak eragiten dizkizun landarik ikusiko.
Baina bereziki, hamaika tona zementuk ezingo dute ezkutatu Tosuko landan sei urtez emandako borroka: 2007tik borrokan zeramaten auzokideen babesa, hitzaldi, bertso-saio eta auzolanak, ortuan pasatako orduak, Euskal Herriko hainbat txokotatik jasotako elkartasuna eta kalera ateratako milaka lagunen oihuak. Pesimistaren batek esango du: baina ekainean Ibarbengoako metro geltokian lehenengoz jaisten denak Tosuko borrokaren arrastorik ikusiko al du? Parkingak ez du inguruaren geografia goitik behera aldatu?
Egia da landa izandakoan borrokaren seinalerik aurkitzea ez dela erreza izango, auzokideren batekin berba egin ezean, behintzat. Hortik apur bat aldenduz gero, baina, segituan agertuko dira borrokaren seinaleak: bere horretan mantentzen diren ortu eta landak. Izan ere, ez gaitzatela engainatu, Getxoko lurretan oraindik landak baldin baditugu 2007tik orain arte egindako borrokarengatik da. Porlanak ezin baitu guztia tapatu, baina tapatu duena baino askoz gehiago tapatuko luke horren aurka borrokatu izan ez bagina.