Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira

Garazi Sánchez surflariak "Vergüenza" dokumentala estreinatuko du domekan

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 5a, 16:01

"Lotsa"; horixe da Garazi Sánchez surflari getxoztarrak sentitu zuena itsas biologo bategaz berba egin ondoren ozeanoen inguruan ezer ez zekiela ondorioztatu zuenean. Horri aurre egin guran, ingurumenaren inguruan hausnarketa bultzatzeko lana zuzendu eta produzitu du. Dokumentala ekainaren 7an, domekan, estreinatuko du, Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira, eta doan ikusi ahal izango da hemen, 36 orduz.

2018an izandako istripu larri baten ondorioz, urtebete eman behar izan zuen oheratuta Garazi Sánchez (Getxo, 1992) surflari algortarrak. Lesio horretatik osatzen zegoen bitartean, gaur egun munduko ozeanoek zer-nolako egoera bizi duten jakiteko hainbat aditu elkarrizketatu zituen, hala nola, soziologoak, biologoak eta psikologoak. 

Tonu performatibo eta erreflexibo batean, Sanchez adituak elkarrizketatu ditu pertsonok itsasoekiko dugun jarrera zein den ulertzeko; era berean, kirolariak azaldu du bere helburua izan dela bizimodu koherente bat bilatzea, "nahiz eta kontraesan asko aurkitu bidean".

Nondik dator proiektuaren ideia?

Pelayo Salinas itsas biologoa eta Ocean52ko enbaxadoreagaz izandako bilera batean hasi zen, ozeanoen egoeraren inguruan berba egin ondoren. Une horretan Sánchez lotsatu egin zen, konturatu egin baitzen ez zekiela "ezta oinarriena ere" itsasoen errealitateaz.

Hala, ezjakintasun horri aurre egin guran, gaiari bueltak eman eta helburu bat jarri zuen mahai-gainean: "ezagutzaren bitartez bizimodua alda daiteke?". Galdera horri erantzun ahal izateko ekin zion dokumentala egiteari. Horretarako, honako aditu hauek elkarrizketatu ditu:

  • Pelayo Salinas, National Geographicen itsas biologoa eta Ocean52ko enbaxadorea.
  • Imanol Zubero, EHUko soziologian doktorea.
  • Laura Vozmedio, EHUko psikologian eta portaeraren zientzien metodologietan doktorea.
  • Santi Mier, Ocean52ko sortzailea.
  • Aketza Sanchez Waterman, itsas gizona.

Solasaldi horiei denei esker, Sánchezek uste du ez duela dokumental soil bat sortu, "kontraesan askorekin egin dut topo, baita erantzukizuna baztertzeko hainbat mekanismorekin ere". Hala, nabarmendu du egindako lanari esker bizimodua aldatu eta hobetzeko aukera izan duela, besteak beste.

Vergüenza, fitxa teknikoa

  • Ideia originala: Garazi Sánchez.
  • Zuzendaritza: Garazi Sánchez e Iker Elorrieta.
  • Produkzioa: Garazi Sánchez.
  • Koprodukzioa: Ocean 52, en colaboración con el Ayuntamiento de Getxo e ISDIN. 
  • Gidoia: Garazi Sánchez.
  • Soinua: Juan Labad.
  • Itsas argazkilaritza finkoa: Sergio Villalba.
  • Argazkilaritza gehigarria: Juan Labad.
  • Edizioa eta muntaketa: Iker Elorrieta.
  • Musika: OCOEUR.
  • Protagonistak:  Garazi Sánchez, Imanol Zubero, Laura Vozmediano, Santi Mier eta Aketza Sánchez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun