Algortako Ernaik irakurritako oharra:
COVID-19ak ekarri duen krisi sozialak gogor kolpatu ditu sektore prekarizatuenak, aberatsak are gehiago aberastu diren bitartean. Aldi berean indarkeria poliziala modu basatian ibili da gure kaleetan, birusaren aitzakiapean. Gure eskubide politikoak ere ukatuak egin zaizkigu. Ez gaude geldi, eta hau guztia borrokatzeko gazteok salto egingo dugu.
Gazteok salto egingo dugu krisia kapitalak ordain dezan. Etekin ekonomikoen gainetik bizitzen alde salto egingo dugu. Euskal Herria zatitu eta banatu nahi dutenen gainetik salto egingo dugu, espainiar autoritarismoari eta zentralizazioari gazteok salto!
Egoera honen aurretik ere gazteok ondo ezagutzen genuen prekarietatearen auzia. Gazteon bizitzak ezegonkortasunak eta prekarietateak zeharkatzen ditu bete-betean. Egoera honetan, baina, modu gordinagoan bizi dugu hau dena, eta gaurdanik argi utzi nahi dugu krisi hau ez dugula gazteok ordainduko. Krisi hau ez dugu langileok ordainduko, krisi hau kapitalak ordaindu dezala!
Honi aurre egiteko kaleak hartzera goaz. Algortako gazteok kapitalaren ofentsibaren aurrean antolatu eta gure herriko kaleak borrokaz betetzera gatoz. Algortako Ernaitik dei egiten dizuegu hurrengo aste eta hilabeteetan gazteok "Salto!" dinamikaren harira egingo ditugun ekimen eta mobilizazioetara parte hartzera.
Herriko gazteok antolatu eta gogor kolpatzen gaituen prekarietatearen aurrean batu gaitezen! Krisi hau ez dugu gazteok ordainduko, krisi hau kapitalak ordain dezala!