Elkarrizketak

"Kideekin entrenatzeko aukera izan beharko genuke guk ere"

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 11a, 09:44

Borroka-kirola bizitzeko modu bat da Matthewsentzat.

Borrokalari peto-petoa da Naiomi Matthews Martín getxoztarra. Grappling, jiu-jitsu brasildarra zein borroka olinpikoan aritutakoa da, baita nazioarteko domina asko lortutakoa ere. Horretarako, lan handia egin behar izaten du egunero, sasoian egoteko. Hala ere, COVID-19aren pandemiak bat-batean bere entrenatzeko errutinak moldatzera behartu du eta, orain, Espainiako Gobernuaren argibideen zain dabil borroka-kiroletan kideakaz entrenatzeko aukerak zeintzuk diren jakiteko. 

Bi hilabete baino gehiago eman ditugu konfinatuta. Zelan hartu zenuen martxoaren 14tik aurrera etxean itxita egoteko neurria?

Hasieran oso gogorra izan zen, ez nekielako zer egin, ezta nola jarraitu entrenamenduak ere. Bigarren astean zehar, aldiz, Rodri nire entrenatzailearekin dena antolatzen hasi eta errazago egin zitzaidan ariketak egitea.

"Etxean taldekiderik gabe egonda oso zaila da teknikak praktikatzea; hala, prestakuntza fisikoa lantzen dut gehienbat"

Borrokalaria izanda, zelan entrenatu ahal izan duzu denbora tarte horretan?

Saiatu naiz sasoia ez galtzen. Entrenatzaileak tatami-zatiak utzi dizkit eta lau metro koadrotan entrenatzen ibili naiz etxean. Prestatzaile fisikoak errutinak bidaltzen dizkit eta ahalik eta ondoen egiten ditut. Gainera, entrenamendu batzuk Rodrik Zoom-en bidez gidatzen dizkit, eta Riders Fight Club-eko beste taldekideekin batera norberak bere etxetik egiten ditugu.

Zelako errutinak izan dira horiek?

Egunero hiru entrenamendu egin ditut. Bakarrik egonda oso zaila da teknikak praktikatzea; hala, gehienetan prestakuntza fisikoa egin dut. Hala ere, Zoom-en bitartez jiu-jitsuko teknikak landu ahal izan ditut eta luzaketak egiteko aprobetxatu dut yoga.
Entrenatzeaz gainera, ordu asko etxean geldirik egoteak dieta egokitzera behartu zaitu? Bai, dieta oso garrantzitsua da ondo entrenatzeko eta ondo sentitzeko, horregatik dieta egokia mantentzen dut, ohitura ez galtzeko.

Maiatzaren 2tik aurrera kalera ateratzeko baimena izan genuen. Arnasgunea izan zen hori zuretzat?

Astean zehar etxean entrenatzen jarraitu dut, baina egun batean kalera joaten naiz. Egia esanda ez ditut asko aldatu errutinak, etxean lekua izanda arduratsua izan behar dut.

Zure kasuan, grappling, jiu-jitsu brasildarra eta borroka olinpikoan aritua izanda, oraindino ezinezkoa zaizu uke edo beste pertsona bategaz entrenatzea. Zer deritzozu horri?

Txarto, ez da bidezkoa. Futbol-jokalariak taldekideekin entrenatu ahal dira eta hori ondo egiteko elkar ukitu behar dute; ondorioz, guri ere baimena eman beharko ligukete. Ukipen-kiroleko federazioek proposamen asko bidali dizkiote gobernuari bikoteka entrenatu ahal izateko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

"Futbol-jokalariak taldekideekin entrenatu ahal badira, guk ere horretarako baimena izan beharko genuke"

Noiz uste duzu entrenatu ahal izango zarela normaltasunez?

Ez dakit, baina espero dut ahalik eta lasterren izatea. Txapelketa batzuk aurten izango direlakoan, ondo entrenatu behar dut. 

Faltan botatzen duzu tatami batera igotzea?

Egunero. Niretzat kluba etxea bezalakoa da; normalean egun osoa pasatzen dut tatamian, goizetik gauera.

Zer da gehien faltan botatzen duzuna egunotan?

Taldekideak. Oso zaila da motibatzea bakar-bakarrik entrenatzen duzunean. Gainera, ezin ditudanez teknika gehienak praktikatu, uste dut ahaztu egingo zaizkidala.

"Borroka-kirolaren bidez balio asko ikasten dira eta laguntza positibo bat da pertsonarentzat; oso komenigarria da"

Zelan definituko zenuke borroka-kirola?

Bizimodu bat da, tatamian familia bat aurkitzen duzu, eta munduan zehar, beste tatami batera joaten bazara, ziur aski haietariko bat izango bazina bezala hartuko zaituzte. Eta ez hori bakarrik; borroka-kirolaren bidez balio asko ikasten dira eta laguntza positibo bat da pertsonentzat, hots, autoestimua eta konfiantza areagotzen ditu. Gainera, errespetua izaten ikasten da, ez irakasleei bakarrik, baita aurkariei ere. Horregatik, txikitatik honelako kiroletan murgiltzea oso komenigarria dela uste dut. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun