Koronabirusa Uribe Kostan

Bertoko ekonomia suspertzeko GetxoBono kanpaina indartu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 13:42

Bihar, eguenean, 55.040 GetxoBono salgai jarriko dira udalerriko komertzio, ostalaritza eta enpresetan kontsumoa sustatzeko eta suspertzeko, "Berton erosi!" kanpainaren barruan. GetxoBono 2020 kanpainak urriaren amaierara arte iraungo du, edo bonuak agortu arte.

COVID-19aren pandemiak ekonomian izan dituen ondorioen ondoren negozioek bizi dituzten inguruabarrak kontuan hartuta, abian jarri da ekimena, baina oraingo honetan bonuek bolumen handiagoa eta iraupen luzeagoa izango dute, eta zenbatekoak ere desberdinak izango dira.

Getxoko establezimenduetan kontsumituz saltokiak, ostalaritza eta enpresak berraktibatzen lagundu gura dutenek bonuak hemen eros ditzakete: Kutxabanken webgunean https://tickets.kutxabank.es (bonuak etxean inprimatuta) edo zuzenean Kutxabanken kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, edozein kreditu- edo zordunketa-txartel erabiliz. 40 euroko bonuak egongo dira 50 euroko kontsumoak egiteko eta 20 eurokoak 25 euroko kontsumoak egiteko, eta txartel bakoitzeko gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira.  

Bonuak kontsumitu ahal izango dira txikizkako merkataritzan, ostalaritzan edarien kontsumo ez-esklusiboetarako, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan eta Getxo 2020 planetan zerbitzuak eskaintzen dituzten aisialdiko enpresetan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun