Fadurako kanpoko igerilekuetan egoteko ordutegia eta edukiera zabalduko dute bihartik aurrera

Erredakzioa 2020ko eka. 30a, 11:10

Gehienez baimendutako edukiera 230 pertsonakoa izatetik 500 pertsonakoa izatera pasako da; igerilekuko kale bakoitzean igeri ahal dutenak 4tik 6ra pasako dira; eta igerilekuez eta solariumeko eremuez gozatzeko erreserbak, lehen gehienez 2 ordukoak izanik, orain goizekoak edo arratsaldekoak izango dira. Goizez 10:30etik 15:00etara egon ahal izango da bertan eta arratsaldez 16:00etatik 20:30era.

Getxo Kirolak-ek Fadurako kiroldegiko udako igerilekuen edukiera zabaltzea ez ezik, goizeko edo arrastiko ordutegian egonaldi luzeagoa eskaintzea ere erabaki du bihartik, uztailaren 1etik, aurrera. Sarbideetan gordetako ordenak eta araudia errespetatzeak eta Getxo Kirolakeko abonatuen inplikazioak ekipamendu horren erabilera-baldintzak aldatzea ahalbidetu dute, Udalaren arabera.

Gehienez baimendutako edukiera 230 pertsonakoa izatetik 500 pertsonakoa izatera pasako da; igerilekuko kale bakoitzean igeri ahal dutenak 4tik 6ra pasako dira; eta igerilekuez eta solariumeko zonaz gozatzeko erreserbak, lehen gehienez 2 ordukoak izanik, orain goizekoak edo arratsaldekoak izango dira. Goizez 10:30etik 15:00etara egon ahal izango da bertan eta arratsaldez 16:00etatik 20:30era. Aste bakoitzean, era horretako 2 erreserba egin ahal izango dira gehienez. Igerileku olinpikoan soilik igeri egitera sartuko direnen kasuan, erabiltzeko baldintzak ez dira aldatuko, eta egunean gehienez ordubetez erreserbatu ahal izango dute.

Goizeko eta arratsaldeko txanden artean, barruti osoa garbituko da; beraz, erabiltzaileek libre utzi beharko dituzte instalazioak. Ekainaren 19tik aurrera igerilekuak ireki zirenean bezala, dutxarik gabeko aldagelen eta komunen kopurua mugatua izango da; halaber, garbiketa-lanak maizago egingo dira, eta erabiltzaileek eskura izango dituzte eskuetarako gel desinfektatzaileak. Armairuak eta lehorgailuak ezingo dira erabili.

Erreserbak soilik abonatuek eskatu ahal izango dituzte. Aldez aurretiko hitzordua eskatzeko, Getxo Kirolak-en web orrialdean, aurrez aurre Faduran bertan edo 94 430 80 70 telefono-zenbakira deituz.

Udako denboraldian ohikoa den moduan, igerileku olinpikoa 7:30etik 21:30era egongo da irekita eta haurrentzako igerilekuak eta berdeguneak 10:30etik 20:30era, asteko egun guztietan. Bestalde, kafetegia eta jatetxea 11:00etatik 19:00etara irekiko dira.

Abonatuen premia ezberdinak artatzeko helburuagaz, 7:30etik 10:30era 2 kale erreserbatuko dira 65 urtetik gorako edo premia bereziak dituzten pertsonentzat; 10:30etik aurrera, berriz, 4 kale kendu eta jolaserako erabiltzeko zona librea jarriko da.

Ekainaren 19an igerilekuak ireki zirenetik 13.000 pertsona inguru bertaratu dira, asebetetze-maila altua izan da eta, erabiltzaileei egindako inkesta batean, sarbideetako segurtasuna, higienea eta ordena nabarmendu dira.

Udako igerilekuak irekitzeagaz batera, gogoratu behar da Faduran pasa den ekainaren 1ean ireki zirela atletismoko pista, belodromoa, erabilera anitzeko eta belar artifizialeko kantxa, saskibaloiko kantxa estali gabeak eta tenis eta padeleko estali gabeko pistak. Instalazio horiek erabiltzeko ere aurretik erreserba egin behar da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun