Zientoetxeko biribilgunea "legez kanpokoa" dela salatu du Azkorri Bizirik plataformak

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 4a, 11:20
© AZKORRI BIZIRIK

Getxoko Udala Zientoetxeko errepidean biribilgunea egiteko obrak "modu ilegalean" egiten ari delakoan, lanok geldiarazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, barikuan, Azkorri Bizirik plataformako kideek. Herritarrek azaldu dutenez, obren lekura gerturatu ondoren, hainbat udaltzain eta Janire Ocio Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Arloko zinegotzia hurbildu zitzaien eta horrek konpromisoa hartu zuen eurakaz berba egiteko eta bilera formal bat egiteko.

Joan den astelehenean abiatu zituen Getxoko Udalak Azkorri inguruko Zientoetxeko errepidean biribilgune bat egiteko lanak, Goienetxeko estratako bidegurutzean. Udalak azaldu duenez, jarduera horren helburua da inguru horretan ibili ohi diren autobusen ibilbideko zirkulazio-baldintzak hobetzea, batez ere ibilgailu horiek bertan dagoen autobus-geltokiaren inguruan egiten dituzten maniobrei dagokienez.

Horren harira, Azkorri Bizirik plataformako kideek uste dute proiektu hori legez kanpokoa dela: "Biribilgunea ukitu ezin den eremua hartzen duela dirudi". Horrez gainera, zalantzan jarri dituzte Udalaren asmoak: "Ezkutuan ari direla uste dugu; izan ere, biribilguneak HAPOn proiektatutako errepidearekin bat egiten duela dirudi. Autobusen maniobraren ziurtasunaren aitzakiarekin HAPO suntsitzailea garatzen jarraitzeko maniobra egin duzuela pentsa daiteke".

Hala, atzo goizean Azkorri Bizirik plataformako kideak Azkorriko landara gerturatu ziren bertan eraikitzen ari diren biribilgunearen obrak geldiarazteko asmoz. Bertan protestan zeudela, udaltzainak eta Janire Ocio Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Arloko zinegotzia hurbildu zitzaien eta proiektuaren nondik norakoez berba egiteko bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuten alde biek. Horrez gainera, protestan zeudenek iragarri zuten bilera egin artean obrak geldirik egongo direla esan ei ziela zinegotziak: "Jende askoren borondatez lanak gelditzea lortu dugu, baina adi ibil gaitezen zelan joango den biribilgune honen prozesu osoa". Udal-iturriek, aldiz, azpimarratu dute bilera finkatu dutela bakarrik eta obrak ez direla eten.

Azkorri Bizirik plataformako kideen oharra, Getxoko Udalari zuzenduta:

Biribilgunea egitea ekarri duen arazoari, hots, autoaren erregetzari, mugarik jarri gabe jarraitzen duzue. Hori nabarmenegi geratzen ari da egunotan, obrak bizi bizi egiten ari zarete eta autoek bizi bizi eta poz-pozik jarraitzen dute beren erreinuan, inolako galarazpenik gabe, autobusaren, oinezkoen eta txirringen ibilera arriskuan jarriz, ingurumenari eragiten dioten kaltea ahaztu gabe.

Udalak azken urte hauetan gai honetan prebarikatu ez balu orain biribilgune baten beharrik ez legoke. Beraz, oraindik ere garaiz dago trafiko araudia bete eta busari maniobra arazoak kentzeko. Gainera, 40.000 euro gehi espaloiaren aurrekontua aurreztuko luke herriak.

Azkorri babesteko plangintza eta ekintza sinesgarria ikusi artean ez dugu onartuko inolako biribilgune eta edonolako urbanizazio lanik.

Gai honetan utzikeria baino ez du erakutsi orain arte Getxoko udalak. Bereziki larria iruditzen zaigu Ingurumen Saila Hirigintza Sailaren morroi lanetan ikustea, berari dagokion ardurari muzin eginez, prebarikatzen eta utzikeriaz jokatzen ari zaretela jakin arren.

Hortaz gainera, aurrekoa gutxi balitz, EZLEGEZ ari zaretenaren susmo larriak ditugu. Hau da, EZkutuan, LEgez kanpo eta GEZurretan.

Legez kanpo ari zaretela, izan ere, egiten ari zareten biribilguneak ukitu ezin den eremua hartzen duela dirudielako.

Gezurretan ari zaretenaren susmoa ere badugu, izan ere, goialdeko biribilguneak hartuko zukeen zatia bezain pribatua dela dirudi orain hartu duzuena. “Azkorriko Katastroa” artxiboan ageri diren eta lanek eragiten dieten eremuak ze jabetza dute? Aurreko bi irudiekin gainjarri ezkero eremu berdeak eta gaur egungo partzelak ez datoz bat. Hortaz, pentsa daiteke esan diguzuenak ez duela egia guztia kontatzen edo zuzenki gezurretan zabiltzatela.

Ezkutuan ari zaretela ere iruditu zaigu, izan ere, biribilguneak HAPOn proiektatutako errepidearekin bat egiten duela dirudi. Zera pentsa daiteke, autobusen maniobraren ziurtasunaren aitzakiarekin HAPO suntsitzailea garatzen jarraitzeko maniobra egin duzuela.

Obra zein izango den azaltzerakoan ere ezkutuka ari zaretela esan daiteke, izan ere biribilgunea bakarrik aipatu eta azaldu diguzue baina badakigu horrekin batera espaloi bat ere dihoala bus geltokitik biribilguneraino. Beste sorpresaren bat ere etorriko da ondoren?

Zatika egitean tranpatan ari zaretela pentsatzeko motiboak eman dituzue, kontrol prozedurak saihesteko asmoz agian, izan ere, aurrekontuak lan-txikien eremuan maniobratzeko doitu dituzue, ozta ozta 40.000 euroko langara ez iristeko: 39.985,66€. Zenbateko kostua du ezkutatu nahi izan diguzuen espaloiak?

Ohartzen ari garenez, hau ez da arazo txiki bat konpontzeko obra txiki bat, baizik eta arauak betez gero ekidin zitekeena, eta daitekeena, beste asmo batzuk betetzeko maniobra, agian HAPO proiektu suntsitzailearekin jarraitzeko; beste behin ere demostratuz Azkorri eta beste edozein natur edo nekazalgune beti egongo dela zuentzat mozkin ekonomikoen menpean.

Hortaz, albait arinen azalpenak eman ditzazuen eskatzen dizuegu eta egoera honetara ekarri gaituen autoen erregetza eta zuen utzikeria amaitzea. Azkorri naturagunea babesteko zein plangintza duzue? Plangintza sinesgarri eta ekimen sinesgarriak ikusi bitartean ez dugu onartuko holako edo bestelako erasorik.

Bitartean, biribilgune lanak bertan behera utzi ditzazuen eskatzen dizuegu, autoen ibilerari mugak jarri, araudia betearazi, mugikortasun jasangarria bermatu, hau da, auzokoen joan etorria, autobusarena, oinezkoena eta txirringena.

Ez da onartzekoa auto pilaketari eta nonahi-nolanahi aparkatzeari mugarik ez jartzea, bere horretan jarraitzen duela ikusten ari baikara egunero. Hortaz, udaltzaingoari eman omen diozuen agindu hori ere, debekatutako lekuetan aparkatzea eragozteari buruzkoa, gezurra dela ondoriozta dezakegu edota bai udala eta udaltzaingoa prebarikatzen ari zaretela, jakinaren gainean izan arren konponbiderik jartzen ez diozuelako.

Zein asmo eta plangintza orokor duzue Azkorri babesteko? Izan ere, zatika zatika suntsitzekoa dela baitirudi, Fangalokari baimena eman izana ingurumen txostenak kontrakoa eskatu arren, auto pilaketaren arazoari mugarik ez jartzea...

Hitz goxoak entzun ditugu baina ez datoz bat begi aurrean dugunarekin. Guzti hau argitu arte obrak gelditzea ezinbestekoa da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun