Betidanik izan du gustuko Idoia Olabarrietak ETBren Conquis abenturazko reality show saioa. Hala, joan den urtean, unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, castingera aurkeztera animatu zen. “Ez nuen lesiorik, ezta konpromiso handirik ere; jada errugbia utzia nuen. Egia esanda, gehiegi pentsatu barik aurkeztu nintzen; aste biko kontua izan zen”. Aldez aurretik “bere gauzetan” entrenatzen segitzen zuen, baina partaide gisa aukeratu zutela jakin ondoren, lehiaketako probei begira jarri zen: “Gimnasiora joaten nintzen, baita igerian hasi ere. Eskegita ibiltzeko ariketak egiten nituen eta pare bat alditan abentura-parke batera joan nintzen soketan eta halakoetan trebatzeko”. Dieta berezi bat egin zuen baita ere, bost kilogramo irabazteko, gerora programan galdu zituenak.
Proba denetatik dueluarena izan du gustukoena: “Oso gogorra izan zen; hainbat egun generamatzan ezer jan barik eta ez nuen ia indarrik”. Dena dela, proba denak “oso dibertigarriak” izan zirela aitortzen du: “Lehiatzea gustukoa dutenentzat norbere burua zelan dagoen ikusteko oso proba egokiak dira”.
Gogorrena, aldiz, lehenengo astea izan zela dio, “behin eta berriz galtzen genuenean eta kanpamendu txiroenean geundenean; oso txarto pasatzen genuen ezer jan gabe eta jendea etxera egunero joaten zela ikustea... Tentsioa nabaria zen”. Dena dela, berak uneoro umorea mantendu gura izan du, “edo saiatu behintzat”, une latzak eramangarriagoak izateko eta bizikidetza arintzeko; “oso lagun onak egin ditut saioan”.