Bai eguaztenetik egin ahal izango diren jardueretarako bai igerilekura joaten direnentzat, aldagela-kopuru mugatu bat ipiniko dute, dutxa eta guzti. Getxo Kirolakeko abonatuek baino ez izango dituzte egin jarduera horiek.
Muskulazioa egiteko gunea handitu dute instalazioak itxita egon diren bitartean, eta hala, espero dute edukiera-arazorik ez dela egongo. Horregatik, ez da aldez aurreko hitzordurik eskatu beharko bertara joateko. Zehazki, gimnasioaren alboko gela bi egokitu dituzte hainbat makina ipintzeko, eta denera, 400 metroko koadroko gunea izatetik ia 700ekoa izatera igaro da, eta makinen arteko distantzia handiagoa izango da horri esker. Horrez gain, aste-akabuetan eta jai-egunetan ere zabalduko dute, 10:00etatik 14:00etara. Aste barruko ordutegia, berriz, 07:30etik 21:30era bitartekoa izango da. Uztailaren 15etik 20ra doakoa izango da gimnasiorako sarrera, eta hortik aurrera ohiko prezioa izango du; 37,4 euro hilabeteko.
Tenis eta padeleko pisten eta pilotalekuen erreserbak Getxo Kirolaken webgunean egingo dira ohiko prozedurari jarraiki. Era berean, belar artifizialeko 5. futbol-zelairako erreserba doakoa izango da baina derrigorrezkoa, eta atletismoko pistara eta belodromora sartzeko bezala, Getxo Kirolaken webgunean erreserbatu ahal izango da. Kanpoko kirol-instalazioen ordutegia ohikoa izango da, 08:00etatik 21:30era.
Azkenik, Gobela eta Andra Mariko kiroldegiak oraingoz itxita egongo direla iragarri dute, aireztapen mekanikoa behar duten instalazioak izanik ez delako komeni horiek zabaltzea COVID-19aren ondoriozko ezohiko egoerak dirauen bitartean.