Koronabirusa Uribe Kostan

Jai birtualen aldeko udal-ekitaldia egingo dute bihar, oposizio gehiena kontra dela

Unai Brea 2020ko uzt. 20a, 15:04

© GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak ekitaldi publikoa egingo du bihar Algortako Portu Zaharrean, jai birtual eta ez-presentzialen aldeko mezua emateko eta maskarak erabiltzeko betebeharra gogorarazteko. Besteak beste, joan den astean udalerriko jaiez zabaldutako testua irakurriko dute. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos aurka agertu dira eta ez dute parte hartuko.

Udal-gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE-EE), PPk eta hainbat elkartek hartuko dute parte ekitaldian, 11:00etatik aurrera. "COVID-19aren transmisioa kontrolatzeko zutabe gisa" jaiak birtualki egitearen eta musukoa janztearen garrantzia aipatuko dute, eta amaieran udal-gobernuak proposatutako eta joan den astean Udal Bozeramaileen Batzordeak onartutako testua irakurriko du Amaia Agirre alkateak. Horretan, besteak beste, jaien datetan ekitaldi publikoak egiteko eta txosnak eta kanpoko barrak instalatzeko debekua adierazten da.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk testuaren aurka bozkatu zuten eta ez dute ekitaldian parte hartuko. Lehenbizikoek joan den astean bertan esan zuten ez zeudela ados ez biharko ekitaldiagaz ez irakurriko den adierazpenagaz, besteak beste "Udalak bere buruaren publizitatea egiteko" erabiliko dituelakoan.

"Udalak ez du inolako alternatibarik proposatzen"

Koalizio abertzaleari dagokionez, gaur kaleratu du prentsa-ohar bat parte ez hartzeko arrazoiak azalduz. "Adierazpen hori Udalaren aurpegi zuriketa baino ez da", diote, "jaiak bertan behera utzi dituzte, kulturgintza itotzen ari dira, herri-mugimenduak debekuak baino ez ditu jasotzen... Baina Udalak ez du inolako alternatibarik proposatzen. Beste herri batzuetan udako egitarauak antolatu dituzte, osasun-neurriak errespetatuz. Getxon, uda osorako, zazpi kultur ekitaldi antolatuko dituzte bakarrik".

EH Bilduk aipatu du Udalak dirulaguntzen %85 kendu diela jai-batzordeei, eta gaineratu du aukera zegoela, dirulaguntza horiek mantenduta, bestelako jai-ereduak lantzeko, "hainbat herritan egin den bezala".

Bestalde, herritarren erantzukizuna azpimarratzeagatik kritikatu dute udal-gobernua, "erakundeek bestelako interesak lehenesten dituzten bitartean. Hauteskundeak dira horren adibiderik garbiena: egun horretara arte 'normaltasuna' izan da nagusi, baina uztailaren 12tik aurrera hasi dira fokoak han eta hemen, debekuak areagotu dira eta abar". Azkenik, osasun-krisia herri-mugimenduaren aurka ekiteko aitzakia modura erabiltzea leporatu diete udal-agintariei. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun