Koronabirusa Uribe Kostan

Eremu publikoko ekitaldiak, txosnak eta kanpoko barrak debekatu ditu Getxoko Udalak

Unai Brea 2020ko uzt. 15a, 20:24

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aurtengo jaien gaineko testu bat onartu du, datorren asteko martitzenean, hilak 21, Algortako Portu Zaharrean egingo den ekitaldi publiko batean irakurriko dena. Besteak beste, eremu publikoko ekitaldiak, txosnak eta kanpoko barrak galaraziko direla dio testuak. Haren alde bozkatu dute EAJk, PPk eta PSE-EEk, eta aurka EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

"Getxoko Udalak eta udalerriko auzoetako jai batzordeek maiatzaren amaieran erabaki zuten festak eta Nazioarteko Paella Lehiaketa ohiko eran bertan behera uztea eta era birtualean ospatzea", dio adierazpenak, "erabaki hori hartu zen COVID-19ak Euskadin eragindako egoera ebaluatu ondoren".

Jaiak ohiko eran ospatu ezin izango direla gogorarazi eta neurri-sorta bat gehitzen du testuak. Hain zuzen ere, eremu publikoan ekitaldirik ez baimentzea, txosnak eta kanpoko barrak debekatzea, ostalaritzako ordutegia ez handitzea eta jendea biltzen den edozein ekitalditan edukiera kontrolatzea eta murriztea erabaki du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Horrez gain, denon gogoan dauden "higiene-eta urruntze sozialeko neurriak" gogorarazi dituzte, maskara erabiltzeko beharra barne. Azkenik, herritarrek "erantzukizun indibidualez eta kolektiboz" jokatzeko eskatu dute.

Elkarrekin Podemos: "Publizitate-ekitaldia izango da"

Esan dugun legez,  testuaren aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Bigarrenek atzo adierazi zuten ez zutela bat egingo onartu den testuagaz. Hasiera batean, adierazi zuten helburu bakarra etekin politikoa lortzeko ekitaldi sinbolikoa antolatzea izango zela, eta ez zutela hori babestuko. Paula Amieva talde morearen udal-bozeramaileak HIRUKAri azaldu dionez, azken unean aipatutako neurri-sorta gehitu zaio testuari, baina haren ustez "horiek ez dute ekarpenik egiten, hori guztia ezarrita zegoen dagoeneko".  

Bozeramaileen Batzordeko bileran oposizioaren inolako ekarpenik onartu ez dela kritikatu du Elkarrekin Podemoseko kideak: "Aurrez erabakita zuten testua onartu dute hitzez hitz". Besteak beste, herritarrak pandemiaren arriskuaz kontzientziatzeko ardura nagusia jai-batzordeen esku egotea proposatu gura zuten, baita kalteak jasango dituzten tabernei laguntzeko neurriak negoziatzea ere, "baina ez dute zer onartu".

Honenbestez, uztailaren 21eko irakurraldi publikoa "publizitate-ekitaldi hutsa" izango dela pentsatzen du Elkarrekin Podemosek. "Ez dugu uste Udalak halakorik egin behar duenik aurrez ere indarrean zeuden neurri batzuk hartu izanaren aitzakiarekin, eta guk behintzat ez dugu parte hartuko", gaineratu du Amievak.

Erlazionatuak

Eta aurtengo udan, zer?

Iker Rincon Moreno 2020 uzt 09 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun