Osasun eta kirol agintariakaz koordinatuta, Getxoko txirrindularitza-lasterketak plan bat diseinatu du kutsatzeko arriskua ahal den neurrian gutxiagotzeko, azken aste hauetan izandako berragertzeen aurrean neurri guztiak hartzea beharrezkoa den unean. Era horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentuak kirol-ekitaldiak antolatzeko gomendatutako segurtasun- eta higiene-neurri guztiak kontuan hartzeaz gain, sarien banaketa ateak itxita egingo da Getxoko udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Antolakuntzak lasterketa ETB1 eta eitb.eus bidez jarraitzea gomendatzen du, 11:30etik aurrera. Ordu horretan, irteera neutralizatua egingo da Bizkaia Zubian, eta 16:00ak aldera amaitzea aurreikusten da Getxoko epaitegien aurrean.
Trafiko-neurriak
Lasterketa dela eta, datorren domekan, abuztuaren 2an, 11:00-17:30 tartean hurrengo neurriak egongo dira indarrean:
- Debekatuta egongo da lasterketaren noranzkoan zirkulatzea.
- Artatzako biribilgunean, Ereagako noranzkoko zirkulazioa 9:30etik aurrera etengo da, eta Ereagako hondartzarako, Kirol-porturako eta Portu Zaharrerako sarbidea 7:30etik aurrera.
- Euskal Herria kalea: Trafikoa moztuta autobiarako noranzkoan.
- Sarrikobaso kalea: Zirkulazioa debekatuta Algortako Etorbiderako noranzkoan (Algortarako sarbidea Bidezabaletik).
- Erredentore kalea: Zirkulazioa debekatuta Sarrikobasorako noranzkoan.
- Los Chopos etorbidea: Norabide bakarreko helbidea Plentzia-Bilbo.
- Zugatzarte etorbidea: Zirkulazioa debekatuta Bilborako noranzkoan.
Euskotrenen autobusek ibilbidea aldatuko dute eta garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da.