Algortako jai batzordea

"Jaiak bertan behera uzteko erabakia aldebakartasunez hartu du Getxoko Udalak"

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 30a, 12:58

Getxoko Udalak saninazioak eta udalerriko gainontzeko jaiak bertan behera uzteko kudeaketari begira izandako jarrera deitoratzeko manifestazioa egin zuten atzo ehunaka lagunek Algortan. Bertako jai batzordeak salatu duenez, festak ez egiteko erabakia aldebakartasunez hartu du Udalak: "Ez dituzte kontuan hartu gure proposamenak helarazteko saiakerak eta herrian egiten dugun lana".

Algortako jai batzordeko kideek deitoratu dute Udalak erabaki "azkarrak" hartu dituela jaiak bertan behera uzteko. Era berean, udal-agintariek prozedura "oso desegokia" erabili dutela salatu dute, hala nola jai batzordeakaz hitzartutako bilerak egun batetik bestera edo egun berean deituta; domeketan urgentziazko bilerak planteatuz; eta egun gutxiko tartea emanez jai batzordeei erabakiak hartzeko. "Gure ustez, funtzionamendu modu horrek ez dio erantzuten jai batzordeen errealitateari eta gure lanarekiko errespetu falta izugarria dela deritzogu. Are gehiago, presiopean eta egoerak baldintzaturik egindako Udalaren eta jai batzordeen arteko kontraste horren emaitza hasieratik idatzita zegoenean: aurtengo jaiak bertan behera uztea, hain zuzen ere". Kontuak hala, Udalaren azken momentuko proposamena "akatatu" zuen Algortako jai batzordeak, "ulertuta hori egin ezean, jaiak linbo batean geratzen zirela".

Azken hilabeteotan COVID-19ak eragindako egoera berrira jaiak egokitzeko lana egin du Algortako jai batzordeak. Aitortu duenez, bertako kideek argi izan dute uneoro jaiak ezin izango zirela egin aurreko urteetan bezala, eta kontzienteak izan dira osasun-krisi honek sortutako egoera zein den eta uneoro jarri gura izan dutela herritarren osasuna eta segurtasuna mahai-gainean. Hala ere, jaiek herritarrentzako onura handiak dakartzatela goraipatu dute.

Atzo irakurritako oharra, osorik:

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu gurekin batera manifestazio honetan parte hartzeagatik. Oso garrantzitsua da zuek guztiak hemen egotea, beti aldarrikatu dugulako jaiak herritarrek eginak eta herritarrentzat izan behar direla.

Hilabete zailak izaten ari dira guztiontzat. Hemendik, gure doluminik bizienak helarazi nahi dizkiegu COVID-19 gaixotasuna dela eta senide edo lagunen bat galdu duten guztiei.

Pandemia piztu bezain laster, Algortako Jai Batzordea lanean hasi zen aurtengo jaiei buelta bat emateko. Izan ere, jakin bagenekien ezin izango genituela jaiak aurreko urteetan bezala antolatu. Ez Udalak ez zigula utziko pentsatzen genuelako, baizik eta jai-batzordetik arduraz jokatzen dugulako eta ulertzen genuelako guztion bizitzak eta osasuna bermatzea zela garrantzitsuena. Hala ere, gure herriko sektore kulturalarentzat, dendari eta ostalarientzat, herriko elkarteentzat eta oro har, herritar guztiontzat modu batean edo bestean jaiak bizitzea garrantzitsua zela ere ulertzen genuen.

Alarma egoera indarrean sartu zenetik ia hilabete bi pasatu ziren Udala gurekin harremanetan jarri zen arte, aurtengo jaiak antolatzeko. Ordurako guk bageneukan proposamen bat mahaigainean jaiak moldatzeko: jende-pilaketarik gabe, txosnarik gabe eta kontzertu handirik gabe; baita edukiera kontrolatutako ikuskizunak eginda, herriko elkarte eta komertzioak inplikatuta, jaietan zehar egingo genituen ekimen sinbolikoak aurreikusita ere. Udalak erantzun ere ez zion egin proposamen horri.

Maiatzean, astebeteko epean, hainbat bilera egin genituen Getxoko jai-batzordeen eta Udalaren artean; horiek guztiak egun berean, egun batetik bestera edota iganderako deitu zituen Udalak. Teorian, gure iritziak eta proposamenak jaso nahi zituzten. Baina euren benetako asmoa denok ezagutzen dugu: jaietako diru-partida %15era murriztu dute ekitaldi telematiko eta sinbolikoak bakarrik egiteko; jaiak bertan behera utzi dituzte; eta jai-egunetan espazio publikoan ekitaldiak antolatzeko debekua ezarri dute.

Horren aurrean, gure desadostasuna adierazi genion Udalari. Bitartean, guk egindako proposamen horri bide emateko egun bateko epea baino ez ziguten eskaini; euren hitzetan, horrela egin ezean denborarik ez zen egongo dagoeneko gainean genituen beste jai batzuen tramitazioa egiteko. Egoera hori ikusita, Udalak egindako proposamenari men egitea erabaki zuen Getxoko Jai-batzordeen Federazioak, jai-batzordeei kalte handiagoa ez eragiteko; eurek egindako proposamenarekin ados ez geundela udal-agintariei esatea ere erabaki zen.

Ordutik, ez-adostasun horren erabilera interesatua egin du Getxoko Udalak. Besteak beste, jaiak bertan behera geratzen zirela adierazi zuten; horretarako, jai-batzordeen babesa zutela esanez. Aurreko astean egindako udal-agerraldian, berriz, Getxoko ehun elkarteren babesa zutela esan zuten. Bada, jai-batzorde batek ere ez zuen adierazpen hori babestu. Herriko atarietan ipinitako udal-bandoa bide beretik doa.

Guk argi eta garbi adierazi nahi dugu gauzak ez direla horrela egiten. Hasieratik elkarlanerako asmoa luzatu genien eta bizi dugun egoerara egokitutako proposamenak egiten hasi ginen. Baina Udalaren partetik, jarrera kontrakoa izan da. Erabakiak aldebakartasunez hartu dituzte eta ez dituzte kontuan hartu beraiei gure proposamenak helarazteko saiakerak eta herrian egiten dugun lana. Jai batzordeekiko errespetu falta izugarria iruditzen zaigu, baita jaietan lan egiten duten eragile, elkarte, dendari, kuadrilla guztiekiko ere bai. Gaurko manifestazioarekin hori salatu nahi dugu.

Manifestazio honi amaiera emateko, mezu bi helarazi nahi dizkizuegu:

  • Batetik, lanean jarraituko dugula jai herrikoien alde. Aurten osasun-egoera eta Udalaren jarrera kontran izan baditugu ere, espero dugu hurrengo urtean aukera izatea berriro Algortako jaietan bete-betean murgiltzeko. Gure hitza daukazue!
  • Bestetik, ikusita COVID-19 gaixotasunaren agertzeen hedapena zein egoeratan dagoen, sen ona eta burua erabiltzea eskatu nahi dizuegu. Ardurarekin eta erantzukizunarekin jokatzeko uneak dira, gure buruak zein gure ingurunekoak zaintzeko. Izan gaitezen arduratsuak.

Besarkada bat guztioi eta berriro ere eskerrak ematea manifestaziora hurbiltzeagatik. Gora Algortako jaiak!

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun