TAOren tasak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa egitea onetsi du behin-behinean Getxoko Udalbatzak. Tarifak 2007an berrikusi egin ziren azkenengo aldiz. Hala, azaldu dutenez, KPIren EAEko eguneraketa aplikatuko da, 2007tik 2019ra artekoa, hain zuzen ere. Ondorioz, % 16,8ko hazkundea izango du tasa horrek eta % 3,2koa egoiliarren txarteletan; azken horiek 2016an eguneratu ziren azkenengo aldiz. Erabaki horrek eztabaida piztu du oposizioko talde denen artean, tasak igotzeko unea ez delakoan.
PPren arabera, “Gobernuak dirua biltzeko gogo bizia du, eta aparkatzeko lekuak galduko dira". Ildo horretan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen iritziz, "orain ez da tarifak igotzeko unerik aproposena, kontuan izanda pandemiak eragindako krisian gaudela eta azken 13 urtean egin ez dela. Gainera, TAOren tarifa-egitura aztertu behar da eta osorik berritu". Oposizioko hiru alderdiek proposamenaren aurkako botoak eman dituzte.
Beste alde batetik, Ignacio Uriarte Diruzantzako zinegotziak azaldu duenez, "Aipatutako aldietan ez dira TAOren tarifak aldatu. Zerbitzua kudeatzeko kontratuaren luzapena errazte aldera egin da KPIren tarifa-eguneraketa hori, eta ez du inolako loturarik hurrengo osoko bilkuretan proposatuko diren hurrengo aldaketekin, zeinen bitartez zerbitzuaren tarifa-egitura aldatu nahi izango den, Getxon mugikortasunaren jasangarritasuna hobetzeko eta handitzeko neurrien barruan".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.