Lope de Vegako auzia

Lope de Vega kaleko udal-eraikina hustu dute berriro

Iker Rincon Moreno 2020ko abu. 1a, 13:43

Atzoko irudietako bat. @UGAMBOLAKI

Etxebizitza-proiektu bat garatzeko asmoz, Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikina okupatu zuten duela egun bi hainbat gaztek. Atzo, ordea, Ertzaintza bertaratu eta horiek "bortizki" kanporatu egin zituzten. Ekintzaileek deitoratu dutenez, hustuketa "ilegala" izan da, "ez dutelako inolako agindu judizialik izan horretarako".

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko udal-eraikina (euskaltegi zaharra) okupatu zuten duela egun bi udalerriko hainbat gaztek. Azaldu dutenez, euren helburua izan da etxebizitza-proiektu bat garatzea bertan, denboragaz auzoko gazteei begirako proiektu integral bat eskaintzeko Itzubaltzeta III gaztetxeagaz batera. Hala ere, atzo, barikuan, eraikina berriro zigilatu zuen Ertzaintzak.

Ekintzaileek jakinarazi dutenez, auzoko beste hainbat gazteren laguntzagaz atzo udal-eraikinaren sarrailak irekitzera zihoazela Ertzaintza bertaratu zen atoan. "Barruan zeuden gazteak irten ezinik gelditu ziren, eta kanpoan zegoen bat geldiarazi zuten". Segituan, Bilboko Okupazio Mugimenduko abokatua gerturatu eta eraikina husteko agindu judiziala eskatu ei zien ertzainei. "Horren ondorioz, Keltse Eiguren Babes Zibileko zinegotzia agertu zen, eta agindurik ez zuela ikusita, epaitegietara joan zen salaketa jartzera", azaldu dute gazteek. Handik denbora gutxira, eraikinaren inguruko kale denak moztu eta Ertzaintza eraikinera sartu eta hura hustu zuen. Ekintzaileek deitoratu dutenez, hustuketa "ilegala" izan da, "ez dutelako inolako agindu judizialik izan horretarako". HIRUKA udal-arduradunakaz harremanetan jartzen saiatu da, baina oraindino ez du erantzunik jaso.

Salaketa eta identifikazio ugari

Udal-eraikina berriro zigilatzeaz gainera, 6 ekintzaile usurpazio eta kalteengatik salatu dituzte. Abokatua, aldiz, hainbatetan jipoitzeaz gainera, bere lana egiteagatik bi salaketa jaso dituela deitoratu dute gazteek. "Hori dena gutxi balitz, hainbat identifikazio, kolpe eta mehatxu jaso zituzten gure herrikideek", adierazi dute ekintzaileek.

Egon daitezkeen isunei aurre egiteko kanpaina jarri dute martxan ekintzaileek. Hala, isunik edo kolpatuak izan direnek eurakaz harremanetan jartzeko email bat jarri dute martxan: epaiketaitzubaltzeta@gmail.com. "Salaketa jarri nahi izanez gero helbide hori erabili gurekin kontaktuan jartzeko. Salaketa jarri ahal izateko argazkiak zein mediku parteak beharrezkoak izango dira", azaldu dute.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun