Koronabirusa Uribe Kostan

Getxoko Udaltzaingoak 40 salaketa baino gehiago jarri ditu aste-akabuan

Erredakzioa 2020ko abu. 3a, 14:05

Artxiboko irudia.

Getxoko Udaltzaingoak gaueko aisialdiaren kontrola areagotu du eta 40 salaketa baino gehiago bideratu ditu aste-akabuan (uztailaren 30etik abuztuaren 2ra) COVID-19k eragindako kutsatzeak minimizatzeko araudia ez betetzeagatik (maskara ez eramatea, bide publikoan edariak kontsumitzea …). Salaketen erdiak Itzubaltzeta/Romon egin zirela azpimarratu dute udal-iturriek.

Getxoko Herritarren Segurtasunerako arloko agenteek 80 gazte baino gehiago topatu zituzten udalerriko ikastetxe bateko patioan edari alkoholdunak kontsumitzen. Alkoholaren zati bat konfiskatu eta 13 pertsona identifikatu zituzten, eta kalean edo eremu publikoetan taldeko kontsumoa debekatzen duen araudiaren arabera salatu zituzten.

Era berean, Getxoko udaltzainek Algorta auzoko hainbat ostalaritza-establezimenduren aurkako salaketa jarri zuten, ordutegia ez betetzeagatik eta lokaleko bezeroei edariakaz bide publikora sartzen uzteagatik.

Algortan ere, gazte bati bozgorailu handi bat konfiskatu zioten eta goizaldean erabiltzeagatik zigortu zuten.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun