Kultur Etxeak azaldu duenez, sareetan erreakzio gehien lortu dituzten bost egileak Martín del Busto (irudi-muntaia), Andoni Martínez Barañano (kantu lirikoa), Leyre Mesa González (kantu lirikoa), Germán Núñez (time-lapse argazkigintza) eta Xabier Gutiérrez Zaballa, Villamonte Live taldekoa (musika) izan dira.
Horiez gain, eta epaimahaiaren erabakiz, beste bost hauek ere saria eskuratu dute: Celeste de Lourdes Agüero eta Garazi Basterretxea (txotxongilo-antzerkia), Estíbaliz Igea Erviti (musika lirikoa), Fernando Álvarez Cuesta (musika), Amaia Etxebarria (musika klasikoa) eta Anabel Muro (antzerkia). Hamar sarituetako bakoitzak 600 euro jasoko ditu.
Hamar horiekaz egingo da ikuskizuna irailaren 5eko emanaldian. Gainera, accesit aipamena jasoko dute epaimahaiaren iritziz nabarmentzeko modukoak izan diren beste lan bik: Félix Goxenziaren stop motion lana eta Gabriela Andrearen zuzeneko musikaren bideoa. Ekitaldirako sarrerak salgai daude daborduko Kultur Etxearen ohiko salmenta-guneetan.
Denera, 108 bideo jaso dira Getxoko Balkoiak ekimenean. Konfinamendu-garaian balkoietan, terrazetan eta leihoetan paratutako sormen-lanak erakusten zituzten bideo horiek.