Gu Ere Ba euskal selekzioen aldeko taldeak deituta, 200 pertsona baino gehiagok babesa adierazi zioten atzo Getxoko atezainari Algortako San Nikolas plazan. Era berean, "adierazpen askatasunaren kontrako auzia" salatu egin zuten. Mobilizazioan zeudenek deitoratu egin zutenez, Granada futbol taldeak gaztea kanporatu egin du "bere iritzia erakusteagatik". Adierazpen askatasuna eskubide gisa aldarrikatu egin zuten eta gazteari elkartasuna adierazi zioten: "Berarekin egin dutena guztiz deitoragarria da".
Eskerrik asko adierazpen askatasunaren alde Algortara hurbildu zareten guztioi. https://t.co/J4A8e8pV5Q
— Unai Etxebarria (@13unai) August 30, 2020
Etxebarria Granadaren bigarren taldeko jokalaria izan da oraintsu arte. Klubeko lehen taldea, bere historian lehenengoz, Europa League jokatzeko sailkatu zen uztailean, Athletici irabazita hain zuzen (4-0). Horren osteko ospakizuneko argazkietan, "Altsasukoak aske!" dioen elastikoa daroala ageri da Etxebarria. Hori dela eta, espedientea ireki zion Granadak. Orain, berriz, geratzen zitzaion urtebeteko kontratua beteko ez duela jakin da, eten egin baitu klubak. "Logika eta legediaren gainetik", Gu Ere Bairen esanetan.
Granadako hainbat hedabidek, berriz, iradoki dute Etxebarriak hango taldean ez segitzeko arrazoiak kirolari lotutakoak direla. Jokalariak hori gezurtatu du, ordea, eta klubak ireki zion espedientearen ondorioz kaleratua izan dela adierazi du.