Andoni Martinez Barañano tenorrak bere disko solidarioa aurkeztu du gaur

Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 15:25
Andoni Barañano tenorra diskoa aurkezten, gaurko agerraldian. © GETXOKO UDALA

Andoni Martínez Barañano tenor algortarrak, konfinamenduan zehar San Nikolas plazako auzotarrak animatu zituenak, Cáritas Bizkaiaren aldeko dirua bilduko du Desde mi balcón a tu corazón disko solidarioaren bitartez. Getxoko Muxikebarri zentroan aurkeztu du gaur bertan abeslariak diskoa, Mario Lerena piano-jotzaile getxoztarragaz elkarlanean grabatutakoa; horretan berrogeialdian interpretatu zituen zenbait kanta bildu ditu. Diskoa daborduko eros daiteke www.andonitenor.com webgunean; bildutako dirua COVID-19Aren eraginez gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten emakumeei laguntzeko erabiliko da.

Guztira, diskoan 12 pieza bildu dira, arrakasta gehien izan zutenak. Horietako bat O sole mio abesti napolitar ezaguna da. Horregaz ekin zion Martínez Barañanok berrogeialdian zehar egunero balkoira kantatzeari. Ondoren opera, zarzuela, boleroak eta herri kantak interpretatu zituen egunez egun. Diskoaren gainerako kantak opera-ariak, euskal kantak, espainiar abestiak eta napolitarrak dira. Horien artean, honako kanta ospetsu hauek aipatu behar dira: Turandot operaren Nessun dorma, Mikel Laboaren Txoria Txori, Maitetxu mía zortzikoa eta Core’ngrato napolitar abestia.

Aurkezpen ekitaldian, tenorraz gainera, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura Foru diputatuak, Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Carlos Bargos Caritas Bizkaia-ko zuzendariak ere parte hartu dute. Bilbaok Barañanok eginiko kultura-adierazpenak eskertu egin ditu, “horietan artistek era solidarioan arima jarri eta guztiok arnas hartzeko balio izan dutelako”. Ildo horretan ere, Getxoko alkateak eskertu egin du “konfinamenduan zehar erreferentzia bilakatu den bat-bateko ekimen hau, diskoan gauzatu egin dena”.

Bestalde, Carlos Bargosek eskertu egin du “opari bikoitz eta partekatu hau, Andoniren auzotarrez gain, pandemiaren eraginez egoera larrian dauden pertsonek gozatu ahal izango dute eta”. Halaber, adierazi duenez, “sustoa pasatu ondoren, oraindik badago jende behartsua eta, egoera hori ikusarazi eta konpontzeko beharra dago”.

Aurkezpenean proiektuaren zehaztasunak azaldu dira eta baita diskoaren lehenengo bideoklipa erakutsi ere, Nella Fantasia kantarena, hain zuzen ere, The Mission filmerako Ennio Morriconek idatzitako Gabriel’s Oboe kantan oinarritutakoa. Era berean, proiektuaren www.andonitenor.com webgunea ere aurkeztu dute, AIDEAK Comunicación eta ROS agentzia getxoztarrek, Veiss-egaz elkarlanean, egindakoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun