Udalak presoen sakabanaketari aurre egiteko dirulaguntzak kenduko dituela deitoratu du Getxoko EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 15:24

Getxoko udal-gobernuak (EAJ-PSE) Diru-laguntzen Plan Estrategikoan presoen sakabanaketari aurre egiteko jasota zeuden laguntzak kentzeko asmoa duela deitoratu du gaur EH Bilduk. Koalizio abertzaleak salatu duenez, erabaki hori "PP alderdiagaz jarrerak hurbiltzearen truke" egin gura du gobernu-taldeak.

Sakabanaketaren ondorioz presoen senideek aurre egin behar dituzten gastuak arintzeko laguntzak onartu ziren Getxoko Udaleko 2016ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan, EH Bilduren eta gobernu-taldearen (EAJ-PSE) arteko aurrekontu-akordioaren ondorioz. Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, laguntzok Getxotik 250 kilometro baino gehiagotara preso dauden senideek jaso ahal zituzten. Udalak jakinarazi duenez, 40.000 euroko diru-partida prestatu zuten zeregin horretarako, eta, denera, 14.040 euro esleitu ziren urte horretan; 2016a izan zen familiek laguntza hori jaso zuten urte bakarra. Izan ere, 2018an gobernu-taldeak PP alderdiagaz ituna egitea adostu zuen, "sakabanaketari aurre egiteko laguntzak ez ematearen truke", EH Bilduk deitoratu duenez. Hala ere, dirulaguntzok Plan Estrategikoan jasota ei zeuden oraindino, "nahiz eta azken hiru urteetan eman ez dituzten arren. Hala, etorkizunean horiek emateko aukera zegoen", gaineratu dute koalizio abertzalekoek.

Dena dela, gaur goizean egindako bilkuran aditzera eman denez, etorkizunean laguntzak emateko aukera kenduko dutela deitoratu du EH Bilduk, irailaren 29an egingo den osoko bilkuran hori onartu ondoren. "Erabaki hori sakoneko keinu politikoa da, eta argi erakusten du EAJk ez duela inolako asmorik EH Bildurekin negoziatzeko eta bere hautua PPrekin adostasunetara heltzea dela. Argi utzi dute EAJk eta PSEk erabaki honekin PPrengana hurbildu nahi izan dutela. Izan ere, diru-laguntza horiek Plan Estrategikotik kentzea Alderdi Popularraren etengabeko eskakizuna izan da azken hiru urteetan".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun