Zein izan zen filmaren hasierako ideia eta zer eboluzio izan du estreinatu duzuen arte?
Eskolan film-entsegua deituriko ikasgaia neukan, eta lehenengo ariketa kolore bat hartu eta ikus-entzunezko gauza txiki bat sortzea izan zen. Oso librea zen, edozer gauza egin genezakeen. Nik kolore gorria aukeratu nuen eta Negu Gorriak taldeak 1991n plazaratu zuen Herrera de la Mancha 90-12-29 grabazioko irudiak hartu nituen abiapuntutzat. Horiek manipulatuz, berriro enkoadratuz, motelduz, arinduz, izoztuz… esanahi berri bat eman nahi nien. Klasea bukatu ondoren, hilabete batzuk ibili nintzen lanean irudiekin; idazten, editatzen eta nire ahotsa grabatzen. Proiektua Ikusmira Berriak programan aukeratu zuten eta han nengoen bitartean, Fermin Muguruzarekin jarri nintzen harremanetan. Ideia ez zitzaion gustatu eta irudiak erabiltzeko baimena ukatu zidan.
Espetxean lan egindako bi gizonekin hitzartuta zenituen elkarrizketak ere ezerezean gelditu ziren. Zergatik?
Haiei galdetu beharko zaie. Niri, arrazoiak baino gehiago, beste zerbait iruditzen zait interesgarriagoa: irudiak. Bai ezkerreko, eta bai eskuineko politikariek atzera ez begiratzea adostu zuten Franco hil ostean, memoria historikoa ez zen aukera bat haien arabera. Aldi berean, bai kultura ofizialak, bai kontrakultura gisa ezagutzen dugun horrek beren irudiak eta sinboloak asmatu, zabaldu eta babestu zituzten. Niri, nik ezagutzen nuena, hau da, Ezker Abertzalearen irudiak zalantzan jartzea interesatzen zitzaidan. Horiek deseraikitzeko ariketa bat egin nahi nuen. Orduan gure identitatea Espainiarena bezain zurruna dela konturatu nintzen. Filmak bi bloke antagoniko horiek sortu dituzten irudi hegemonikoetatik alde egitea izan du helburu.
Norabide-aldaketa horiek guztiek nola aldatu zuen filmaren grabaketa-prozesua?
Kontzertu horren irudiak ez erabiltzea erabaki nuen, ez ezetza jaso izan nuelako, baizik eta oso interesgarria iruditu zitzaidalako haiek erabiltzeko ukapena. Zergatik ezin nuen nire narratiba propioa sortu irudi ikoniko batzuk erabilita? Sinboloak eta ikonoak ezin ditugu zalantzan jarri? Deseraiki? Herrera de la Manchako inguruetara abiatzea erabaki nuen orduan, nire irudi propioak sortzeko.
Espetxeko ingurua grabatu duzu. Zure ahotsak eta filtro gorri batek laguntzen die irudi horiei. Zein izan da lortu nahi izan duzun efektua?
Filtro gorria denbora-makina baten antzeko zerbait dela esango nuke, baina bakoitzak erabaki beharko du pelikularen pasarte hori ikusteak zer eragiten dion. Azken finean, filtro gorri bat besterik ez da. Filtroa kamera aurrean jarri baino lehen, pelikulak paisaiak erakusten ditu eta, bitartean, zuzendariak nahi dituen irudiak grabatzeko ezintasunari buruz hitz egiten du. Hala, filtroak atzera eramango gaitu denboran, eta Negu Gorriakek 1990ean grabatutako lekua ikusiko dugu, ahotsak irudi horiei buruz hitz egiten duen bitartean. Kartzela, inguratzen dugun bitartean, gurekin egongo da, hura geroz eta abstraktuago bihurtuz, hutsune bat sortuz, kartzelak irudi gabeko lekuak dira eta.
Filma historia kontatzeko irudien erabilpenari buruzko gogoeta bat ere badela esan daiteke?
Bai, noski. Orokorrean, historia irudi hegemonikoekin kontatzen da. Botereek irudiak ekoiztu eta oso narratiba zehatzekin zabaltzen dituzte; beraz, irudiak ideologia dira, ezin dira bata bestetik banandu. Kontzertu horren irudiak erabiltzeko baimena ukatu zitzaidanean, pelikulak errepresentazioaren edo honen ezintasunaren inguruko gogoeta bat izan behar zuela ulertu nuen. Irudi ez hegemonikoak sortu behar nituen historia monolitikoaren statu quo hori nolabait apurtzeko, horren arrailak aurkitzeko.
Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu duzu filma. Zelako harrera izan du?
Nahiko ona, uste dut. Lehenengo proiekzioaren ondorengo solasaldian denetatik egon zen. Gizon batek «pelikula imajinatu behar izan dut eta orain solasaldia ere imajinatu behar dut», esan zuen bat-batean, euskaraz hitz egiten ari ginelako. Esandakoa ikaragarria iruditu zitzaidan, azkenean filmean agertzen diren bi bloke ideologiko eta identitario horiek zinema-aretoetan ere badauzkagulako.
Negu Gorriak-en bideoari kritika
"30 urte geroago, irudi horiek ez zaizkit iraultzaileak iruditzen", dio Aitziber Olaskoagak Negu Gorriaken Herrera de la Mancha 90-12-29 bideoaz. "Oso azkar editatua dago. Behin eta berriro erakusten da bi bando antagoniko daudela, gu, haiek, hori da planoen muntaiarekin errepikatzen dena, ez dago inolako progresiorik, inolako gogoetarik irudi horien inguruan. Plano asko oso motzak dira, batzuek ez dute segundo bat ere irauten, ez dakizu zergatik jarri diren hor. Ez dut uste iraultzailea den zeozer lau gizon heterosexual zurirengandik etorriko denik, beraz hori zalantzan jartzea garrantzitsua dela uste dut. Abestien hitzak ere, orain entzunda, nahiko arazo dituztela esango nuke. Etengabe ari dira Euskal Herriaren sufrimendua Hegoafrikako beltzen, zein AEBetako afrikar-amerikarren sufrimenduarekin eta zapalketarekin konparatzen. Ez dut iraultzailea den zerbaitetik hurbil dagoen ezer ikusten VHS horretan, behin eta berriro errepikatzen den diskurtso zaharkitu bat besterik ez".