Lehiaketa urriaren 23an (barikua) hasiko da, 18:00etan. Bertan parte-hartzaileei edizio honetako gaia emango diete. Une horretatik aurrera, 25 taldeek 42 ordu izango dituzte haien ideiak landu, grabatu eta film laburrak ekoizteko. Filmen proiekzioak eta sarien banaketa ekitaldia urriaren 25ean izango dira, 18:00etatik aurrera, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, eserleku mugatuakaz. Jaialdiak 2.600 euro baino gehiago banatuko ditu irabazleen artean.
GetxoExpressPRO
GetxoExpress PRO ekimenean, urriaren 21ean 18:00etan, Inge Sáezek parte hartuko du. LinkedInen aplikatutako marketin-estrategietan aditua da eta ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektoreko enpresen eta profesionalen ikusgarritasuna hobetzeko tailerra emango du Linkedin-en bidez. Ondoren, 19:00etan, zenbait film labur proiektatuko dira; proiektu horietako talde batzuk bertan izango dira, eta, gero, Borja Crespok moderatutako mahai-inguru batean entzun ahal izango dira.
Urriaren 22an, 11:00etan, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kideek zine zuzendaritza eta talde-lanaren inguruko masterclass bat eskainiko dute. Lan egiteko moduez eta filmaketetan eta ikus-entzunezko proiektuetan talde-lanak duen garrantziaz arituko dira.
GetxoExpress Pro programaren edozein jardueratan Romo Kultur Etxean aurrez aurre parte hartzeko, interesdunek hurrengo helbidean eman beharko dute izena: https://getxoexpress.com/gtx-pro
Epaimahaia eta babesleak
GetxoExpressen epai-mahaikideak honako hauek izango dira: Ramón Barea, aktorea; Iratxe Fresneda, zinema zuzendaria eta Gorka Aguirre, efektu berezietako makillajea.