Abu Dhabiko mundialera joan ahal izateko zozketa abiatu du Naiomi Matthews borrokalariak

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 20a, 11:46

Naiomi Matthews, artxiboko irudian.

Azaroaren 19an Abu Dhabin jokatzekoa den brasildar jiu jitsu munduko txapelketan (Abu Dhabi World Masters Jiu Jitsu Championship) parte hartzeko laguntza-kanpaina abiatu du Naiomi Matthews borrokalari getxoztarrak. Dioenez, borroka-kirol hori ez da oso famatua eta bere dirua jarri behar izaten du mundu mailako txapelketa horietara joan ahal izateko. "Babeslerik eta diru-laguntzarik ez dudanez, 3 euroren truke zozketa bat egitearen ideia hori bururatu zitzaidan dirua lortzeko", azaldu du Matthewsek.

Abu Dhabira joan ahal izateko dirua batzen hasi da Naiomi Matthews borrokalari getxoztarra. Dioenez, babeslerik eta diru-laguntzarik izan ezean, bere poltsikotik jarri behar izaten du dirua mundu mailako txapelketetan lehiatu ahal izateko. Kasu honetan, azaroaren 19an jokatuko da Munduko brasildar jiu jitsuko txapelketa, eta bertan lehiatzeko aukera ez du galdu gura borrokalariak. Horretarako, zozketa bat jarri du martxan: jendeak 3 euroko Bizum bat egin behar du hurrengo zenbakira 653 710 631, eta pertsona birentzako afari bat zozkatuko du Leioako Pitxote Salvaje jatetxean, baita Riders Fight Clubean klase partikular bat ere. Egitasmoa azaroaren 15era arte mantenduko du eta daborduko 60 lagunek parte hartu dutela azaldu du.

Mundialerako prestaketa lanak, COVID-19aren garaian

Matthewsek dioenez, normalean txapelketa garrantzitsu bat prestatu behar duenean, astebete eman ohi du Valentzian edo Kanarietan entrenatzen, "baina aurten ezinezkoa izango da". Era berean, iragarri du zalantzan daudela txapelketaren nondik norako batzuk: "Oraindik ez dakigu berrogeialdia egin beharko dugun ala ez. Federazioak erantzun behar digu eta, hala izatekotan, joatea zailagoa izango da".

Konfinamenduan ere burua txapelketa horretan izan du, sasoia mantenduz eta lehian pentsatuz. Hala, etxealdia bukatu eta entrenatzeko aukera izan bezain laster, betiko errutinari ekin zion gazteak. "Espero dut txapelketara joan ahal izatea eta ondo egitea".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun