Kanpaina osoan, 1.720.000 euroko bonuak jarri dira martxan azkenean. Ohikoa denez, 40 eurokoek 50 euroko kontsumoak egiteko balio dute eta 20 eurokoek 25koak. Kanpainaren baldintza berriak Getxon planak egiten dituzten merkataritza, ostalaritza eta enpresetako arduradunakaz adostu dira.
COVID-19aren pandemiak ekonomian eragin dituen ondorioak direla eta negozioek dituzten gorabeherak ikusita, ekainaren 25ean jarri zen abian GetxoBonoaren kanpaina, aurreko urteetako bonuena baino bolumen nahiko handiagoagaz, iraupen handiagoagaz eta zenbateko desberdinakaz.
“Berton erosi!” goiburu pean, 20 euroko 41.280 bonu eta 40 euroko 13.760 bonu jarri ziren salgai. Onespen handieneko bonuak 40 eurokoak direnez, 10.320 gehiago atera dira, eta 2020ko kanpaina honetan, guztira, 24.080 dira. 20 eurokoak, berriz, erdira murriztu dira, 20.640, orain arte eskuratutakoak gutxiago izan direla kontuan hartuta.
Getxoko establezimenduetan kontsumituz saltokiak, ostalaritza eta enpresak berraktibatzen lagundu nahi dutenek bonuak hemen eros ditzakete: Kutxabanken webgunean https://tickets.kutxabank.es (bonuak etxean inprimatuta) edo zuzenean Kutxabanken kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, edozein kreditu- edo zordunketa-txartel erabiliz.
Bonuak kontsumitu ahal izango dira txikizkako merkataritzan, ostalaritzan edarien kontsumo ez-esklusiboetarako, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan eta Getxo 2020 Planetan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten aisialdiko enpresetan.