PPren ustez, tarifak oso altuak dira eta merkatuko prezioetatik urrun daude; hala, proposatu du eguneko, goizeko, arratsaldeko eta gaueko abonamenduen eta txandaketaren ohiko tarifaren prezioa murriztea, bai eta egun osoa aparkatzeagatiko gehieneko zenbatekoa ezartzea ere. Talde horrek ez du ulertu lehenengo orduak TAOa baino garestiagoak izatea; izan ere, "autoek kalean jarraituko dute aparkatzeko leku bila, zuzenean aparkalekura joan ordez”. Araudiari dagokionez, besteak beste, hauxe proposatu du: Udalak kudeatzea Getxoko aparkalekuak, gaueko abonatuentzako 40 plaza gehitzea, eta abonamenduek eskubidea ematea aparkalekuan bizitegi-unitateko edo enpresako ibilgailuak aparkatzeko.
Era berean, EH Bilduk ez du ulertu lehenengo orduetan TAOa merkeagoa izatea, eta honako proposamen hauek egin ditu: txandaketaren ohiko tarifa murriztea lehenengo bi orduetan trafikoa nahiz oinezkoen zirkulazioa arintzen laguntzeko eta Algortako komertzioetan erosketak egitea mesedetzeko; eta gaueko abonamendua murriztea, kaleetan ibilgailu gutxiago egon daitezen. Funtzionamenduaren araudiari dagokionez, EH Bilduk proposamen hauek egin ditu: egoiliarrentzako plazarik ez izatea urtebeteko epean, txandakatze-plazen funtzionamendua aztertu ahal izateko; eta Udalbatzak etorkizunean egon daitezkeen aldaketak onesteko ahalmena izatea (PP bat etorri da azken proposamen horregaz).
Elkarrekin Podemosek PPk eta EH Bilduk egindako zuzenketak babestu ditu tarifei dagokienez. Besteak beste, taldeak honako eskakizun hauek egin ditu: batetik, aparkalekua kudeatzeko kontratuan gizarte- eta berdintasun-klausulak sartu daitezen, soldata- eta lan-baldintza duinei begiratzeko, soldata-berdintasuna nahiz lan-arriskuen prebentzioa bermatzeko; bestetik, abonatuak abonamendua osorik edo haren zati bat itzultzeko eskubidea izatea, baldin eta ezinbesteko arrazoien ondorioz ezingo badu plaza erabili.
Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) ziurtatu du tarifen gaineko proposamenaren helburua ibilgailuak kaleetatik kentzea dela, eta zehaztu du proposamen teknikoaren bidez (eta ez proposamen politikoaren bidez) ezarri direla prezio publikoak, "kontuan hartuta merkatuko prezioa, zerbitzu-kostua eta udalarentzako inbertsioa, bai eta hiri-mugikortasun jasangarriko planean nola integratzen den ere".
Aparkalekuan plazen erabilera mistoa izango da; hala, egoiliarrentzako plazak (modu esklusiboan erabili ahalko direnak), txandakatze-plazak eta abonatuenak egongo dira. "Horrela, Algortako komertzioek aspalditik egindako eskaerari erantzungo zaio. Tarifen proposamena inguruko aparkalekuena baino merkeagoa da, hala nola Indautxuko aparkalekua baino merkeagoa, eta TAOa garestiagoa da hasieran, baina merkeagoa orduak igaro ahala, egonaldi luzeetan, txandakatzea errazteko. Tarifen eta araudiaren proposamena aurrerapauso handia da guztion dugun nahia gauzatzeko; hau da, Getxo jasangarriagoa eta herritarren mugikortasunarekiko lagunkoiagoa izan dadin, eta udalerriak ekonomia-ehuna babestuko dute azpiegiturak izan ditzan. Hortaz, proposamenak Getxoko herritarrekin eta komertzioaren sektorearekin nahiz ostalaritzarekin hartutako konpromisoari erantzuten dio", adierazi du udal-gobernuak. Era berean, aipatu du 2021. urteko lehenengo hilabeteetan martxan egongo dela aparkalekua, eta horren kudeaketari dagokionez ,jakinarazi du udalak zuzeneko kudeaketa izango duela zerbitzuaren kontratazioaren bidez, eta ez dela zerbitzuaren emakida.
Beste gai batzuk
Bestalde, ontzat eman da Iturribarri-II egikaritze-unitatean alokatzeko babes publikoko etxebizitzen sustapenari buruz Udalak eta VISESA sozietate publikoak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa. Hala, aldaketak ondorio hau izango du herritarrengan: hitzarmenean jasota zegoen 25 urteko alokairua behin betiko izatera igaroko da.
Halaber, behin betiko ontzat eman da Udaltzaingoaren Erreglamendua eta Getxo Kirolakeko gastu arrunta finantzatzeko 1.500.000 euroko kreditu gehigarria, covid-19aren ondorioz izandako diru-sarreren murrizketa dela eta.
Era berean, bilkuran EH Bilduko zinegotzi den Mikel Bildosola Agirregomezkorta karguaz jabetu da, Cristina Zamora Chuquiguanga ordeztuz.
Mozioak
Testigantza-izaeragaz, lau mozio onetsi dira. EH Bilduk aurkeztutako lehenengo biek proposatu dute, batetik, alokairurako diru-laguntzen bigarren ildoa sortzea, gazteen emantzipazioa atzeraezina izan dadin, eta bestetik, ikastetxe publikoetako jolastokiak eskolaz kanpoko ordutegian zabaltzea, udalerriko kirol- eta aisialdi-espazioak ugaritzeko.
Gainera, Elkarrekin Podemosetik abiatzen zen mozio bat onartu da, EAJ eta PSE-EEk adostua, udal-gobernuko taldea jarrai dezala, bere eskumenen barruan, Eusko Legebiltzarrean iaz aho batez erabaki zen eskolako jantokietan kudeaketa eredu baten bilaketari buruz transakzio-zuzenketaren edukia gauzatu ahal izateko.
Azkenik, Elkarrekin Podemosen beste mozio bat onetsi da, udal-webgunean alkatearen eta erakunde autonomoetako presidenteen nahiz udal-arloetako buruen erakunde-agenda eguneratuta izateari buruzkoa, beren eguneroko jardueraren berri izateko.