Atzoko elkarretaratzeetan bildutakoek azpimarratu zutenez, osasun arloko langileak "nekatuta eta baliabiderik gabe" daude; "ondorioz, herritarrak arreta duinik gabe gelditu dira". Horren aurrean, deitoratu zuten zein den gaur egun Osakidetzaren eredua, "mugak agerikoak dituena". Kontuak hala, beste eredu bat aldarrikatu zuten osasun zentroen aurrean bildutako lagunek: "Indarrean dagoenak ez digu balio!".
Besteak beste, lehen arretarako baliabide gehiago beharrezkoak direla azpimarratu zuten. Horrez gainera, osasungintzan inbertsio gehiago egiteko eskatu zieten agintariei: "BPGaren %7a gutxienez". Azkenik, murrizketa eta pribatizazio gehiagorik ez egoteko aldarrikatu zuten.
Mobilizazioak amaitu ondoren, dei egin zuten datorren azaroaren 11n egingo duten beste elkarretaratzeetan parte hartzeko: herriko osasun zentroen aurrean, 19:00etan. Era berean, Osakidetzako Bizkaiko langileek azaroaren 12rako deitutako greba deialdiaren berri eman zuten.