Elkarrizketak

Javier Garay, abadea: "Etorkinei hemen bizitzeko tresnak ematea da gure helburua"

Unai Brea 2020ko aza. 10a, 08:15

Orain dela bederatzi urte inguru ailegatu zen Algortara Javier Garay, eta handik gutxira gazte etorkinak hartzen hasi zen San Nikolaseko parrokiaren etxean. HODEI TORRES

Galdakaotik Algortara etorri zenean, bizitzeko etxe handiegia suertatu zitzaiola begitandu zitzaion Javier Garay (Barakaldo, 1974) San Nikolas eta San Martin elizetako abadeari. Hala, laster ekin zion San Nikolas ondoan dagoen jauregitzarra betetzeari: jendez, bizitzaz eta elkartasunez, hain zuzen ere. Gaur egun, gazte etorkin askori laguntzen die Garayk.

Adostutako orduan zabaldu digu atea Javier Garayk, baina ezin izan dugu elkarrizketa berehala egiten hasi. Bata bestearen ondotik, zerbaiten eskean joan zaizkio hamaika lagun, eta denei abegiz eta pazientziaz egin die arreta. Eskariak ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula, benetakoa arazoak eta bizimodu errazak izan ez dituzten pertsonen eskari zintzoak baizik. Egun arrunt bat, Javier Garayren bizitzan. Abade lana elkartasunagaz eta behar dutenei laguntza emateagaz uztartzen du Garayk edo, seguruenik, abadea izatea eta behar dutenei laguntza ematea bi gauza banaezin dira harentzat. Azkenik, elkarrizketa hastea lortu dugu...  

Zelan hasi zen hau guztiau?

Orain dela ia bederatzi urte etorri nintzen hona, antzinako etxe handi honetara; jauregia da. Bi etxebizitza; handiak, zabalak, eta ni bakarrik bizitzeko. Arraro sentitu nintzen, hain etxe handia niretzat. Ez zegoen ezer, hutsik. Tira, bai, hemen, beheko aldean, katekesiaren batzarrak egiten ziren, baita aisialdi-talde batzuenak ere. Baina hori besterik ez. 

Etxea "betetzea" erabaki zenuen, orduan?

Ezagutzen nuen  bere etxean etorkinak hartzen zituen beste abade bat. Fundazio bat zuen sortuta, Harribide, etorkinei laguntzeko, eta beraren bitartez hasi nintzen. Lehenengo gazte bat nirekin bizitzen, gero bi, hiru… Hori izan zen hasiera, orain zazpi edo zortzi urte: Harribideren bidez etxean jendea jasotzen. Zer gertatu da orain? Bada, etorkinekin lotuta dagoen Harribidiren proiektuak beste izen bat hartu duela: Yala. Arabieraz "goazen" esan nahi du. Fundazioak sarea du Bizkaia osoan, eta Algortan ere badaude.

Izena arabieraz. Magrebtarrei baizik ez zaie zuzentzen?

Printzipioz ez, baina… Harribide, batez ere, gazteekin hasi zen bere ekimena gauzatzen, eta gehien dagoen soslaia hori da, magrebtar etorkin gazteak. Baina badaude beste leku batzuetakoak ere, Saharaz hegoaldekoak esaterako. Afrikarrak, gehienak. Gazteak izan ohi dira, bakarrik etorritakoak. Gaur egun soslaia zabaldu da, eta badaude familiak ere. Baina nagusi da oraindik bakarrik datorren gaztearena. Orain dela bizpahiru urte asko etorri ziren, eta batez ere adingabeak. Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzak bete egin ziren. Baina hori baino lehen ere bazeuden, eta guk hemen bageneuzkan batzuk. Etortzen direnetatik, zenbait 18 urtetik beherakoak dira eta Aldundiak hartzen ditu.

"Helburuetako bat da gazte hauek hemengo jendearekin harremana izatea, elkar ezagutzea, eta laguntza ematea"

Eta denak etxe honetan?

Astiro-astiro konpondu eta txukundu dugu, eta bai, hemen daude. Etxean, une honetan, hogei inguru daude. Asko jota 25 kabituko lirateke. Gehienak gazteak dira, 20 eta 30 urte bitartekoak. Denak adinez gorakoak noski, adingabeak Aldundiaren eskumenekoa baitira. Baina 18tik aurrera babes hori gabe geratzen dira, eta batzuk hona etortzen dira. Kontua da asko etorri direla. Orain gutxitu da, baina… Migrazioak ziklikoak dira. Eta etxea dute hemen, bestela kale gorrian egon liratekeelako, batzuk bizi izan dira kalean. Edo aterpetxe publikoetan. Guk harremana daukagu haiekin [ikus HIRUKAren 145. zenbakia], Caritasekin...

Bizileku bat eskaintzea ez da egiten duzuen gauza bakarra, ezta?

Ez, badaude hainbat proiektu. Gure zutabeetako bat fundazioan dabiltzan hezitzaile profesionalak dira, batez ere gazte horiei laguntza eman eta jarraipena egiten dietenak, ikasketetan lagundu, bideratu… Beste zutabe bat, oso garrantzitsua, eta gainera hemen Algortan, eta Getxon oro har, nire ustez indarra hartu duena, boluntarioena da. Fundazioaren helburuetako bat da gazte hauek hemengo jendearekin, hemengo komunitatearekin, harremanak sortzea. Elkar ezagutzea. Eta laguntzea. Migrazio- eta harrera-prozesu horretan oso garrantzitsua da hori.

Zergatik?

Bada, normalean, etortzen direnek ez dutelako hizkuntza ezagutzen, inertzia dute beraien artean bakarrik elkartzeko. Gainera, aurreiritzi asko dago kolektibo horri buruz, arazoak daude, denak delitugileak direla… . Horregatik, proiektuan hezitzaileak daude, baina parte hartzen duten gehienak boluntarioak dira. Orain, koronabirusa dela eta, batzuk "hibernatuta" daude, baina 50 inguru ibili gara. Getxokoak batez ere, baina eskualde osokoak daude. 

Zelan ailegatzen dira etorkinak etxe honetara, zelan dute honen berri?

Normalean elkarte baten bidez: Sortarazi, Harribide, Caritas… Denek ematen dute gizarte-laguntza. Orientatzeko, zelan dabiltzan ikusteko, beren helburuak betetzen diren jakiteko… Batzuetan, hemen egoten direnei prozesu zorrotzak ezartzen zaizkie, hala esan dezagun, eta hezitzaileek horren segimendua egiten dute. Ikastaro bat egiten badabiltza ez dakit non, eta joaten ez badira, hezitzaileek kargu hartzen diete, eta abar. Hemen lagundu egiten zaie, baina eurek egin behar dute aurrera. Bestalde, etxe honetan asko daude, eta bizikidetzarako arauak daude, noski. Batzuetan oso indibidualistak izaten dira, bakoitza bere arazoekin dator eta… Ezin da orokortu baina mentalitate oso indibidualista dakarte. Agian Saharaz hegoaldekoek ez hainbeste, baina magrebtarrek bai. 

"Ezin da orokortu, baina mentalitate oso indibidualista daukate; agian Saharaz hegoaldekoek ez, baina magrebtarrek bai"

Kultura kontua?

Ez dakit, ezin da orokortu. Baina askok ezaugarri hori dute. Ez da erraza, baina saiatzen gara, hemen dauden bitartean, familia-giroa sortzen. Orain, COVID-19ak geldiarazi du hori, baina, lehen, gauero etortzen ziren boluntarioak afaria ekarri eta eurekin batera jatera, etxearen alde batean sortu dugun aterpe-txoko batean. 

Bestelako proiekturik?

Bai. Hemengoekin harremanak sortzeko asmoarekin lotuta, IkHazi proiektua jaio zen orain dela bi urte, Yalaren barruan. Horren filosofia hemengo bizimodurako tresnak ematea da. Lehenengoa, hizkuntza. Ondorioz, egitasmoaren parte nagusia gaztelaniazko eskolak dira, boluntarioek emandakoak. Hemen bizi diren batzuek eta kanpotik datozen beste batzuek hartzen dituzte. Oraintxe ikasle asko dago, 30 inguru. 

Eta hizkuntzaz gain?

Bizitzarako tresnak ematea. Gaztelaniazko eskolak ikasturte osoan zehar ematen ditugu, eta noizbehinka tailerrak antolatzen dira: kontsumoa eta nutrizioa, etxeko finantzak (kontu korronte bat zabaltzea, ez dakit zer kontratatzea, osasun-arloko izapideak egitea…). Landu ditugu genero-gaiak ere, Jaurlaritzaren zerbitzu baten laguntzarekin, kultura aldetik aldeak egoten dira eta, hemengo ikuspuntua azaltzeko. Elikagaiak banatzeko proiektu zabalago batean ere parte hartzen dugu, eskualdeko hipermerkatu eta supermerkatuek baztertzen dituzten elikagaiak jasoz eta astean bost egunetan elizan bertan dugun lokal txiki batean eskatzera etortzen direnei emanez. Eta, udan, oinarrizko euskara-ikastaro bat eman genuen, dagoeneko hemen urte batzuk daramatzaten eta bertoko hizkuntza, kultura eta ohitura zaharrak ezagutzeko nahia dutenentzat. 

Musulmanak giro kristauan

"Behin hemen bizi den gazteetako batek esan zidan, ikaratuta, hemengo gazte batzuk ikusi zituela elizako hormaren kontra txiza egiten", gogoratu du Garayk. "Berarentzat harrigarri zen. 'Guk ez genuke sekula egingo', zioen, 'han meskitan txiza egitea bururatu ere ez zaigu egiten'. Euren kulturan, nahiz eta oso fededunak ez izan (denak ez baitira), errespetu handia diote erlijioaren inguruko guztiari". Lantzean behin erlijioaz berba egiten dutela dio San Nikolaseko abadeak, errespetuz beti, besteak beste elkar ezagutzeko. "Eta batez ere, ramadan garaian". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun