Elkarrizketak

“Funketik metalera doazen influentziak ditugu”

Asier Barruetabeña Rivallo 2020ko aza. 13a, 10:15

© WRECK TOTEM

Kotxearen motorra piztu eta, bat-batean, bibrazioak nabaritu ditut. Desertu hotzaren bakartasunak iluntasunera naraman doinu lehorren artean galtzen ari naizela. Kotxetik salto egin eta eurak ziren, duda barik: Wreck Totem! 

Nondik dator Wreck Totem taldea sortzeko ideia?

Bilboko Iturribide kalean elkartzen gineneko gau zoro horietatik dator ideia; baina, egia da Wreck Totem baino lehen, Moi (Moises Molina) eta biok (Lander Cadenas) elkarrekin inprobisatzeko eta ideia berriak sortzeko lotzen ginela, whiski tragoak edaten genituen bitartean. Proiektuarekin serio jartzeko erabakia ez genuen 2014. urtera arte hartu. Hurrengo urtean, Ioritz Piña baxuarekin elkartu zitzaigun, lehenengo EPa grabatu genuen eta mundura salto egin genuen. Taldearen norabidea are gehiago indartu zen 2018ko udazkenean, Julen de la Vega lau hariekin gurera batu zenean.

Zuek egiten duzuena ez da stoner sinple bat; musika-mota gehiago nahasten dituzue. Azaldu abestiak sortzean zer bilatzen duzuen.

Influentziak leku askotatik heltzen zaizkigu eta, azkenean, hori da gure musikari aberastasuna ematen diona. Nahaste hori guztia dibertigarria da abestiak sortzeko orduan; hasieran, zelangoak diren ikusten duzulako eta, amaieran, aldaketa handiak dituztelako.

Hirukotea izanda oso doinu indartsua daukazue, erabat betetzen duena. Zein da sekretua?

Sekretu bat egotekotan, esango nuke distortsioa, fuzz eta watteko potentzia handia izango litzatekeela… kar kar.

Garai honetan, Euskal Herriko stoner eszena berpizten ari dela dirudienean, zelan ikusten duzue egoera?

Une honetan, eszenaren egoera zein eguneroko bizitzarena latzak dira. Badira oraindik zuzenekoak antolatu dituztenak, baina gero eta gutxiago dira. Eszenaz arduratu behar gara eta zaindu behar dugu, bestela, egunerokotasunean oso beharrezkoa den zerbait galduko dugu; beti ere sortuko lukeen langabezia ahaztu barik. 

Berrogeialdiaren ostean kontzerturen bat eman duzue, Bilborocken adibidez. Zelakoa izan zen esperientzia?

Gau horretan, Wicked Wizzard taldeak Warlords of the Dark Realm diskoa aurkeztu zuen, eta Entropia taldeak ere gurekin batera jo zuen. Guk ez genuen zuzenekorik eman martxotik, eta adrenalinaz beterik geunden; dena ematera irten ginen taula gainera. Egia da oso arraroa dela jendea eserita eta musukoarekin ikustea, gustura dauden edo aspertzen diren ezin duzulako ezberdindu. Hala ere, ikusleak gogoz zeudela nabaria zen, batzuek “Temazo” hitzarekin kartel bat egin zuten gustuko zituzten abestietan altxatzeko.

Etorkizunari begira proiekturik edo ideia berririk duzue?

Gure ideia da estatuan taldea ezagutzera ematea, baita gure moduko talde berriak ezagutu ere, kontzertuetarako hitzordu nahiko lotuta genituen eta. Pandemia kolpe ederra izan zen, baina lanean gabiltza ideia berriekin, jam sessionak egiten eta, orain dela gutxi, gure lehen bideoklipa grabatu dugu, Spiders Web, Unai Minguezek muntatuta.

Diskografia

Wreck Totem (EP), 2016
A Curse for the Living, 2020

Talde zerrenda infinitua litzake, funketik metalera doazen influentziak ditu taldeak; hala ere, oinarrizko taldeak hurrengoak dira: Black Sabbath, Kyuss, Fatso Jetson eta Led Zeppelin; 70eko hamarkadako eta Kaliforniako basamortuaren doinuak, orokorrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun