Urtero bezala, eta azaroaren 29ra arte, puntu lila duten pankartak egongo dira udalerriko toki eta eraikin berezietan, hala nola Bizkaia Zubian, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, udaletxean, Santa Klara finkan eta San Nikolaseko liburutegian. Gainera, azaroaren 25ean bertan, adierazpen instituzional bat onartuko dute bozeramaileen batzordean.
Amaia Agirre Getxoko alkateak adierazi duenez, “ikur hau publikoki erakusteak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen den indarkeria mota honen aurkako konpromiso aktiboa dakar. Aurten ere, Udalak indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi du. Sentsibilizazioan, prebentzioan eta eskura dauden baliabide eta zerbitzuen ezagutza errazteko lanean jarraituko dugu. Babes- eta defentsa-espazioak sortzen jarraitu behar dugu, eta berriro nabarmendu behar dugu babes sozialak duen garrantzia indarkeria matxistak desagerrarazten laguntzeko”.
Carmen Díaz Berdintasuneko zinegotziak gogorarazi duenez, pandemiak eragindako konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoera oso ahulak, erasotzaileagaz bizi ziren emakume askoren bizitza, osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriz. "Emakume eta haur askorentzat”, adierazi du Carmen Díazek, “etxea da geratzeko lekurik arriskutsuena. Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu. Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Errealitate mingarri horrek gizarte gisa inplikatzen gaitu, eta lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko konpromisoa hartzen du, gertatzen jarrai ez dezan”.
Ekimenak
Azaroaren 25ean, eguaztenean, elkarretaratze isila egingo dute Areetako Bizkaia Zubiaren plazan dagoen Puntu Lilan, 19:30ean, Gizatiar Romo-Areetako emakumeen elkarte soziokulturalak antolatuta, urtero bezala.
Ekimen horrez gain, Getxoko Udalak beste sentsibilizazio-jarduera batzuk ere antolatu ditu. Azaroaren 27an, barikuan, 18:30ean eta 21:00etan, Muxikebarriko Arrigunaga aretoan, Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak, Birritan bortxatua lana antzeztuko du, “Nagore Laffage eta La Manadaren kasuetan oinarritutako fikzio dokumentaleko lehen lana”. Saioa Royok eta Ion Martinezek antzeztuta, “bortxaketa baten ondoren emakumeak jasaten duen biktimizazio bikoitzaren argazki lotsagabea da: erasoa bera eta haren ondorio lazgarriak”.
Azaroaren 28an, zapatuan, Muxikebarrin, goizeko eta arratsaldeko saioetan, Memoria eraikiz aurkeztuko da, diziplina anitzeko proposamen artistikoa, Mugarik Gabe eta Hortzmuga Teatroa elkarteek bultzatua, gure protagonisten ahots eta kontakizunen bidez errealitate desberdinetatik bidaiatzea proposatzen duena, munduko hainbat tokitako indarkeria matxistetatik bizirik atera diren emakumeak (Guatemala, El Salvador, Kolonbia eta Euskal Herriko emakumeak), indarkeria matxisten konplexutasuna ulertzen eta horien egiturazko kausetan pentsatzen lagunduko dutenak.
Halaber, datozen bi hilabeteetan, udalerriko gazteek eta hezkuntza-taldeek Beldur Barik 2020 proiektuko bi ekimenetan parte hartu ahal izango dute: azaroan, "Beldur Barik Grafity" programak gazte-guneetan pieza artistikoak egitea proposatuko du, eta abenduan, "Beldur Barik Formakuntza"k berdintasunera eta genero-indarkeriaren prebentziora bideratutako prestakuntza eskainiko du abenduan.