Amaia Agirre Getxoko alkateak, bere aldetik, azaldu du TAOren proposamena eta erakusketak mugikortasuna mugikortasun iraunkorraren alde lan egiteko Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) helburu estrategikoaren barruan kokatzen dela. Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, gainera, azpimarratu du aparkalekua "oso tresna egokia" dela Getxora sartzeko mugikortasuna baldintzatzeko. "Hala ere, egoiliarrentzat ere oso garrantzitsua da, joan-etorriak egiteko beharrezko tresna baita. Bi interes horiek uztartzeko, hirigunea erabiltzeaz gain, bideak eta aparkaleku-azpiegitura osagarriak behar bezala kudeatu behar dira”, azpimarratu du.
TAOrako proposamen berriaren bidez, ondasun urri baten erabilera optimizatu gura dute udal-agintariek, hala nola lurzoru publikoaren erabilera eta, bereziki, aparkalekuarena. Aldaketaren bitartez, ordenantza egungo eskakizunetara egokitu gura dutela azaldu dute, "aparkalekuen erabilera zuzena bilatuz eta Getxoko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko 2017-2030 Planarekin (HMIP) bat etorriz; bertan jasotzen da dagoeneko TAO guneak zabaltzeko aukera". Plan hori prozesu parte-hartzaile baten eta herritarrakaz, adituakaz, alderdi politikoakaz eta mugikortasunean inplikatutako erakundeekin partekatutako lan baten emaitza izan zela azpimarratu dute arduradunek.
Bost eremu
Erakusketan, araututako aparkaleku-guneak zabaltzeko proposatzen diren eremuak ikus daitezke: Santa Ana osoa; ia Romo osoa; Zugazarteko 40 partzela; Algortan, Telletxe-Piñaga arteko kaleak (azkena barne); María Goiri kaleko zati bat; Euskal Herria kalea, Foruen biribilgunearen eta Alangobarri kalearen artean; Juan Bautista Uribarri, Santiena, Alangobarri eta Alango kaleak, azken hori Fueros eta Eretza artean. Basagoiti etorbidea, Torrene edo Orobiorekin bat egiten duen lekuan; Tellagorri edo San Nikolas plazak.
Halaber, espres eremuak (merkatarien eskaria) eremu bitan ezartzea proposatzen du egitasmoak: Algortako Telletxeko zabalgunean eta Areetako Las Mercedes kalean. Era berean, udaletxearen atzeko udal-orubean aparkatzea goizeko ordutegian arautzea proposatzen da, epaitegiei, San Inazio herri ikastetxeari, Ogasun Bulegoari eta Ertzaintzaren ertzain-etxeari zerbitzua emateko. Azkenik, Ereagako hondartzaren inguruan aparkatzeko zerbitzu arautua ezartzea ere planteatzen da, soilik udan, ekainetik irailera.
Parte-hartzea
Interesdunek abenduaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren ekarpenak, hainbat modutan. Hala ere, COVID-19ak gaur egun dituen murrizketak direla eta, on line egitea eskatu dute, ahal dela. Iradokizunak honela egin daitezke:
- Online inprimakiaren bidez, web-helbidean https://www.getxo.eus/eu/gobierno-abierto/participacion/ser2020
- Honako toki hauetako kutxetan: Getxo Elkartegian (Ogoño kalea 1, Areeta), astelehenetik eguenera, 8:30etik 18:30era, eta barikuetan, 8:30etik 15:00etara; Romo Kultur Etxean, astelehenetik barikura, 8:00etatik 21:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, 9:00etatik 21:00etara; eta Algortako Merkatuan (Torrene 4), 8:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (larunbatetan, goizez bakarrik).
Proposamena udal talde politiko denakaz partekatzen ari dira, elkarrizketa erronda bat zabalduz, beren iritziak era iradokizunak biltzeko, ondoren hori 2021ean zehar abian jarri ahal izateko adostasun handienak lortze aldera, arduradunek azaldu dutenaren arabera.