Getxoko toponimia, historia, kultura, natura eta kultur ondarea zabaltzea, euskararen erabilera bultzatzeagaz batera, izan dira beti Toponimia ibilbideen helburu nagusiak. Eta horregatik lehenengo pausua ibilbideetan azaldu beharrekoak lantzea eta osatzea izan zen. Dokumentazio lan handia egin zuten hiru lagunek, ibilbideak kalitatezkoak eta euskaraz izateko, baita erakargarriak ere.
Victoria Bengoa itsas biologoa da, eta 2011n Bizarra Lepoan Berbalaguna taldean zegoen, euskara ikasten ari zelako. Laguntza eskatu zioten, eta oso interesgarri iruditu zitzaionez, batu zen, batez ere itsasoko fauna eta floraz eta apur bat geologiaz hitz egiteko. “Nire laguntza lau ibilbideetan izan bazen ere, batez ere Hezeguneko eta Kostaldeko ibilbidekoetan oinarritu zen. Nire esparrutik oso interesgarria da Getxo. Itsasadarrean dago, lehen kutsadura handia zegoen, eta orain askoz zainduago dago. Badaude animal interesgarri batzuk, esaterako apo lasterkaria, eta Abra oso estuario garrantzitsua da, oso babestuta dagoenez, arrain asko etortzen direlako arrautzak jartzera”.
Bestalde, Josu Larrañaga euskal filologoa Bizarra Lepoan taldeko kidea da, eta orduan batzorde eragileko kidea ere zen. Etnografia eta historia gustuko izan ditu beti Larrañagak, eta adierazi duenez, “toponimia ikerketa lan batzuk zeuden gizarteratu gabe eta euskaldunentzako eskaintza kulturalik ez zegoenez, uste izan genuen polita izan zitekeela, hori euskaraz gizarteratzea, herritarrek, baina bereziki gazteek herria, historia, natura eta baita euskarazko izenak zelan txertatzen diren paisaian ere ezagutzeko”.
Getxoko auzoen garrantzia desberdina izan da historiaren garaien arabera, eta horixe baieztatu du kultur ondarearen arloan lan egiten duen Armando Llamosas arkeologoak. Bere laguntza izan zen zerrendatzea leku onenak ondareaz hitz egiteko. “Adibidez, baserrien ezaugarrien, tartean aleroen zergatia, eta arkeologiaren ikuspuntutik, itsas labarra. Erromatarren aztarna batzuk Andra Marin topatu ziren eta egiteke dago induskatzea herrian. Etxez beteta dagoenez, aukera gutxi dago, eta baserri batzuen azpian aspaldiko aztarnak daude (XVI. mendekoak ere)”.
Sari garrantzitsuena ekimena mantentzea
Bengoak Biologia maite du, eta uste du jendeak ingurua ezagutzea garrantzitsua dela, “ezagutzen duguna babesten eta maitatzen dugulako”. Ildo horretan, Larrañagaren iritziz, “oso interesantea izan da Udalak ekimen hau bere kultur eskaintzan sartzea, eta herritarrek parte hartu izanak bere arrakasta erakusten du”. Llamosasek aitortu du esfortzua gustura egin zutela, eta egun hauetan berriro errepasatu ondoren, zehaztu du ekimena txikia dela ematen badu ere, garrantzitsua dela eragin handia eduki duelako, eta jende asko pasatu delako ibilbideak egiteko. "Poz handia sentitzen dugu, besteak beste, garrantzitsua delako Getxoko historia ezezaguna aireratzea”.
Hiru sarituak oso pozik daude ekimenak urteetan iraun duelako eta, gainera, euskara sustatzeko ere balio izan duelako. Saria jasotzeak hirurentzat sorpresa izan da, eta harro sentitzen dira duela urte batzuk egindako lanaz. “Horren aitortza izateaz gain, garrantzia ematea suposatzen du sariak eta gainera euskararen erabileraren mesederako modu atseginean gizarteratzean. Sari garrantzitsuena ekimena mantentzea da”.