Laguntza berriak
Amaia Agirre alkateak gaur aurreratu duenez, ostalaritza eta jatetxeen sektorerako laguntza sorta berriak 82.000 euroko inbertsioa ekarriko du. Zerga-arloan, 2020. urteari dagokionez, Udalak eremu publikoa okupatzeagatiko tasaren zati proportzionala itzuliko die ostalariei, terrazak instalatu ezin izan diren hilabeteei dagokiena, hain zuzen ere. Azken itxiera-aldi horretako terrazen tasaren zenbatekoa ofizioz itzuliko da 2021eko lehen hiruhilekoan (lehen itxiera 2020ko tasatik murriztu zen). 2021era begira, osoko bilkuran onartuta, % 50eko beherapena aurreikusten da terrazak urte osoan instalatzeagatik (45.000 euro ez ditu sartuko Udalak) eta 2021eko bigarren hiruhilekoko zaborren tasan % 95eko hobaria ematea proposatzen da (37.300 euro).
Halaber, Ekonomia Sustapen eta Enplegu Zerbitzuaren bidez, ostalaritzako eta jatetxeetako profesionalei honako hauek eskaintzen zaizkie:
1.- Banakako aholkularitza:
- Ostalaritza-establezimenduen egoera ekonomiko-finantzarioa aztertzea, egoerari aurre egiteko.
- Negozio-ildo berriak abian jartzea (take away/delivery).
2.- Eusko Jaurlaritzak ostalaritzarako eta etorkizunerako dei ditzakeen beste batzuetarako ematen dituen laguntzen eskaerak izapidetzen laguntzea.
3.- Beste urrats bat emanez, eskaintza zabaltzeko konpromisoan, webgunean take away (establezimenduan jasotzea) eta delivery (etxez etxeko janaria ematea) zerbitzuak eskaintzen dituen udalerriko ostalaritzari buruzko informazioa ezartzea. Hurrengo egunetan www.ostalaritza.getxo.eus webgunea erabilgarri egongo da.
4.- Eta, azkenik, laguntza-zerbitzu bat eskainiko da terrazak instalatzeko eskaerak izapidetzeko (bai berrientzat, bai daborduko eginda daudenentzat ere), COVID-19k eragindako salbuespenezko egoerak irauten duen bitartean.
Oposizioko taldeek egindako proposamenak
Udalak gaur aurkeztutako neurriez gainera, oposizioko-taldeek ere euren proposamen sorta prestatu dute ostalarien egoera arintze aldera. EH Bilduk neurri-zerrenda bat proposatu du (puntu batzuk Udalak aurkeztutakoen barruan sar daitezke), eta nabarmendu dute 564.000 euro bideratu beharko liratekeela dirulaguntza zuzenetara. Horrez gainera, ostalaritza berriro zabaltzen denerako GetxoBonuen antzeko 5 euroko bonuak egitea mahai-gaineratu dute.
"Neurriok ez dira nahikoak"
Elkarrekin Podemos taldeak, bere aldetik, "urgenteki" ostalarien egoera hobetzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuen joan den azaroaren 19an, hala nola laguntza zuzenak eta udal-tasetan hobariak ematea. Gaur, eguaztenean, aldiz, azaldu du Udalak aurreikusitako neurri-sorta ez dela nahikoa ostalaritzaren sektorea laguntzeko: "Ez dituzte sektoreak dituen gastuei aurre egiteko eta itxiera saihesteko zuzeneko dirulaguntzak aurreikusi; ez dituzte GetxoBono bereziak planteatu ostalaritzarako; eta ez dute konpromisorik hartu sektorea erreskatatzeko 2021eko aurrekontuetarako".