Amaia Agirre Getxoko alkateak egin zuen sari banaketa, eta hirurak zoriondu zituen, baita adierazi ere Hizkuntza eta Kultura, ingurumena bezala zaindu beharrekoak direla hondamendira ez joateko, eta horregatik ondare kulturala berreskuratu, ezagutzera eman eta erabili behar dugula. “Udala 2004an hasi zen toponimia ikertzen, eta horretan jardun du orduz geroztik. Bengoak, Llamosasek eta Larrañagak egindakoa salto kualitatibo bat izan zen ondare kulturala era globalago batean ulertuta, ikuspegi diziplina anitz erabiliz eta, gainera, horren zabalkundea beste era batera eramaten. Ez dago etorkizunik iragana ezagutzen ez badugu, horregatik, eskerrik asko egindako lanagatik”.
Bestalde, Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasek saria eskertu zuten. Bengoak euskaraz izatearen garrantzia nabarmendu zuen, eta gehitu zuen “toponimia ibilbideetan zabaltzen da natura eta horrek duen papera garrantzitsua iruditzen zait, horren ezagutzatik datorrelako maitasuna”. Llamosasek, bere aldetik, lan txiki eta zehatzen errebindikazioa eta tokiko zabalkundea defendatu zituen, horren artean, Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteek egiten dutena. Azkenik, Larrañagak gogora ekarri zuen adineko pertsonen balioa ondarearen transmisioan, beste kultura batzuetatik etorritakoek egindako ekarpena eta euskaldunzahar-euskaldunberri dikotomia apurtzea eskatu zuen, aldarrikatuz “denok garela euskaldun, beste barik”.