Gabonetarako hamaika ekintza antolatu dituzte Getxon

Erredakzioa 2020ko abe. 4a, 13:18
Olentzero erretzen, artxiboko irudian.

Pandemiak mugatuta bada ere, Gabonetarako egitarau zabala programatu dute Getxoko Udalak eta udalerriko hainbat elkartek, kaleak, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen laguntzeko; lana eta familia bateratzen laguntzeko; eta haurren gozamenerako. Leloa hurrengoa izango da: "Gabonetan piztu Getxoko dendak".

Iñigo Urkitza Sustapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu du pandemiagatik hartuko diren neurriei adi egongo direla, baina “Gabonetan piztu Getxoko dendak” kanpainagaz hasi direla jada, bereziki zigortuta dauden merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko, eta herritarrak Getxon erostera eta kontsumitzera animatzeko. Hala, besteak beste, Bizkaibuseko autobusek (eta autobusetako markesinek) eta metroko geltokiek publizitatea dute udalerrian kontsumitzera animatzeko. Kanpaina sare sozialetan mugituko da hainbat bideogaz eta, helburu berberagaz, Getxo Enpresa, Algortako Dendak eta Romo Bizirik elkarteek hainbat ekimen antolatu dituzte. Gainera, gaur, barikuan, Gabonetako argiak piztuko dituzte, eta egun nabarmenetan Romo Ikastetxe Publikoaren patioan aparkatzeko aukera ere egongo da, urtero legez.

Bestalde, Irantzu Uriarte Kultura eta Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, "Gabon ezohikoez ahalik eta gehien gozatu ahal izateko, gure eskaintza kulturala egoerara egokitu dugu Gabonaldia girotzen ari diren pertsona eta kolektibo guztiok, osasun-segurtasuneko protokolo guztiak ahalik eta gehien errespetatuz; horregatik, Olentzeroren ohiko kalejiren eta Erregeen kabalgaten ordez, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen harrerak, Olentzero eta Mari Domingiren inguruko ikuskizunak, eta kultur egitarau zabala Getxoko kultur ekipamenduetan izango dira, hau da, Romo Kultur Etxean, Andres Isasi Musika Eskolan eta Muxikebarrin. Era berean, euskarazko produktuen katalogoaren 1.000 ale banatu ditugu egun hauetan oparitzeko; Bizarra Lepoan elkartearekin ere kolaboratzen dugu Bapiruke udalekuetan, eta herriko eragileek Gabonak direla eta urtea amaitzeko eskaintzen duten eskaintza guztia aipatu behar dugu (ALBE Gala edo Muxikebarrin egingo den ekitaldi berritzailea, hau da, Bizkaiko Txapelketetan irabazi duten bertsolarirekin "Kopla barik, Bizkaiko txapeldunen saioa”.

Aparkalekua Romo herri ikastetxean

Aurten ere, Romo herri ikastetxeko patioa ohiz kanpoko aparkaleku publiko gisa erabiliko da berriro Gabon egunetan. Abenduaren 24tik, martitzenetik, 16:00etatik aurrera, eta 25era, eguaztena, 22:00ak arte, aparkatu ahal izango da. Ordutegi berbera izango da abenduaren 31tik urtarrilaren 1era eta urtarrilaren 5etik 6ra.

Gabon argiak

Gaurtik, barikutik, Gabonetako argiak piztuko dira, iaz bezala, 235.000 euroko inbertsioa izan dutenak. Urtarrilaren 6ra arte egongo dira piztuta, 07:00etatik 08:30era eta 17:30etik 22:15era.

Erakusleihoen lehiaketa, erosketak etxean entregatzea eta Getxo Enpresaren WiFia

Getxo Enpresak, Gabonak direla eta, ohiko Getxoko erakusleihoen lehiaketa deitu du, eta berrikuntza bi izango ditu: batetik, beren erakusleiho gustukoenetan selfie edo bideo bat egin eta saltokiko eta Getxo Enpresako sare sozialetan partekatzen dituztenentzako sariak; eta, bestetik, mapa interaktibo bat, erakusleiho fisikoko saria jasotzeko aukera duten establezimenduen irudiakaz, proposatutako hainbat ibilbideren bidez bisitatzeko.

Urtero, 150 establezimendu inguruk ematen dute izena, eta erakusleiho fisiko onenaren eta erakusleiho birtual onenaren sariak eskuratzeko aukera izaten dute. Diseinuan, erakusleiho-apainketan eta teknologia berrietan adituak diren pertsonen epaimahai profesional batek abenduaren 10etik 15era bitartean baloratuko ditu hautagaitzak, eta berak erabakiko du banatuko diren 50 sari inguru.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, hogei bat saltokik bezeroentzako erosketak etxean entregatzeko zerbitzu bat osatu dute. Erosketa egiteko unean, paketea entregatzeko eguna eta ordua jakingo dira, eta gehienez 24/48 orduko epean egingo da (egunean bertan produktu galkorretarako). Saltokien zerrenda: www.getxoenpresa.com .

Era berean, #GetxoEnpresaFreeWifi proiektuak, non tokiko berrogeita hamar bat negoziok parte hartzen duten (horien zerrenda aipatutako helbidean dago), aukera emango die bezeroei Internetera doan konektatzeko. Funtzionalitateak ere baditu, hala nola 'Click & Collect Zerbitzua', eduki digitaleko promozioak eta zozketak egiteko aukera, fidelizaziorako tresnak izatea…

Romo Bizirik

Romo Bizirik elkarteak, Romo eta Pinuetaren 50 negozio baino gehiago hartzen dituenak, bezeroei oparituko dizkie 1.000 eurotik gorako balioa duen produktu-sorta handi baten zozketarako partaidetzak.

Gabonetako kanpaina horri atxikitako negozioetan (Romo Bizirik elkartearen logotipoarekin: bihotza gorriz eta ferra-erdia zuriz) egindako erosketa bakoitzeko zozketa horretarako partaidetza bat oparituko da. 10.000 txartel egin dira, eta bezeroen artean banatuko dira abenduaren 21era arte edo izakinen amaierara arte.

Lote osoa txartel irabazle bakar batentzat izango da, eta zenbaki horrek bat etorri beharko du abenduaren 22ko Gabonetako aparteko zozketaren lehen sariaren azken lau zenbakiakaz.

Algortako dendak

Bestalde, Eguberriotan Algortako Dendak taldeak Olentzerori eta Errege Magoei laguntza eman gura die opari guztiak garaiz irits eta inoiz baino politagoak izan daitezen. Hori dela eta, kanpainan parte hartzen duten 32 dendek betiko ilusioagaz bilduko dituzte opariak, baina gure herriari keinu egiten dion ukitu berezi bategaz.

Oparitu euskaraz

2020/2021eko Euskarazko Produktuen Katalogoak, urtero bezala, eskaintzari buruzko informazio erabilgarria eta erabatekoa jasotzen du, zazpi ataletan banatuta: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Katalogoak bi atal ditu: bata, 12 urte arteko umeei zuzendua eta, bigarrena, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzendua. Udalak 1.000 ale banatu ditu eta 4.000 eskutitz bidali ditu ikastetxeetara ikasleen artean, eta baita 1.700 orri-markatzaile DBHko gazteentzat ere. Interneteko bertsioa, www.katalogoa.eus, sakelako telefono eta tabletentzat egokituta dago. Udalerriko 12 liburu-dendak kolaboratzen dute ekimenarekin eta badituzte aipatutako produktuak. Informazioa: www.katalogoa.eus Getxoko liburu-denda laguntzaileak eta www.getxo.eus/euskara.

Olentzero eta Mari Domingiren, eta Erregeen harrera-ekitaldiak

Olentzero eta Mari Domingiren, eta Errege Magoen harrerek, haurrentzako jarduerakaz batera, Gabonetako desfile tradizionalak ordezkatuko dituzte aurten, horiek ezin izango baitira egin, egungo osasun egoera dela eta. Herriko auzoetako Olentzero eta Mari Domingi batzordeek, Udalaren laguntzagaz, Algortan, Muxikebarrin festa bat egingo dute abenduaren 24an, 18:00etan. Bertan, trikitilariak, txalaparta, Azken eguzkilore antzezpena eta abestiak izango dira, eta aipatutako pertsonaiak agertokitik agurtuko dituzte. Gonbidapenak hilaren 14tik, astelehenetik aurrera, hartu ahal izango dira Muxikebarriko leihatilan, eta 24an, ekitaldia baino ordu erdi lehenagotik ere. Areetan, jaia egun berean izango da, 11:30ean, Musika Eskolan, musikagaz, bertsolariakaz eta Pepa eta Kutxo pailazokeriak antzezpenagaz. Gonbidapenak abenduaren 14tik aurrera egongo dira eskuragarri Berantzagi taldearen egoitzan (Artekale, 8), 18:00etatik 20:00etara, eta 24an bertan, ordubete lehenago, leihatilan. Itzubaltzeta/Romoko batzordeak antolatutako ekintzak online izango dira eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira Facebook, YouTube eta TwitchTVren bitartez, 17: 00etan, "Poxpo eta Lintxu" pailazoak eta 18:00etan ALBEko bertsolariakaz saio bat. Andra Marin, Utopia zentroan, 11:00etan eta 17:00etan, aipatutako pertsonaien antzezpena izango da. Gonbidapenak agortuta daude. Azkenik, Olentzerok eta Mari Domingik abenduaren 19an Neguri bisitatuko dute, 16:30etik 19:30era Fadurako 3 zenbakiko frontoian, haurren eskutitzak jasotzeko.

Bestalde, astelehenean, abenduak 7, Errege Magoen harrera-ekitaldietarako izen-ematea irekiko da: urtarrilaren 3an Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, urtarrilaren 4an Romo Kultur Etxean eta urtarrilaren 5ean Muxikebarrin eskainiko dituztenak. Ordutegia 10:00etatik 13: 30era eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Hitzordua eskatzean, eguna eta tokia aukeratu ahal izango da, baita bost minutuko topaketa egiteko Erregea ere, segurtasun-distantzia errespetatuz eta maskara bategaz. Adingabe bakoitzagaz gehienez bi lagun sartu ahal izango dira, 20 minutu lehenago joan beharko dute eta baieztatzeko helbide elektronikoa aurkeztu. Izen-ematea Romo Kultur Etxean, Muxikebarrin edo online egin behar da, www.getxo.eus/reyesmagos helbidean.

Haurrentzako eta gazteentzako ikuskizunak

Abenduaren 26an, zapatuan, Muxikebarrin, 16:30ean eta 19:00etan, Alicia: El Musical , Let 's Dance konpainiaren ikuskizuna estreinatuko dute, Alicia en el país de las Maravillas obra ospetsuan oinarrituta. Honen ondoren, domekan, urtarrilaren 3an, 12:30ean eta 17:00etan, Go! Azen 7.0 kontzertua izango da Muxikebarrin, EITBren telesail ezagunaren denboraldi berrian oinarritutako haur eta gazteentzako ikuskizuna (5-14 urte). Azkenik, urtarrilaren 9an, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, Jugando a la opera con Mozart haurrentzako opera iritsiko da, Opera divertimento konpainiaren eskutik.

Antzerkia eta magia

Abenduaren 30ean, umorezko antzerkia programatu da Yllana laukote lotsagabearen eskutik, Maestrissimo (PaGAGnini 2) lanagaz, eta urtarrilaren 9an, Jose Sacristan aktore ezagunak Señora de rojo sobre fondo gris bakarrizketa antzeztuko du. Biak Muxikebarrin, 19:00etan.

Urtarrilaren 2an, zapatuan, 18:00etan, Tor eta Txoborro magoek Aztikeriak magia showa eskainiko dute, euskaraz, Romo Kultur Etxean, familia osoarentzat.

Kontzertuak

Muxikebarrin hainbat emanaldi izango dira. Euskadiko Orkestrak kontzertua eskainiko du abenduaren 18an, 19:00etan, Juanjo Oconen zuzendaritzapean eta Andoni Martinez Barañano tenore getxotarraren laguntzagaz. Hurrengo egunean, zapatuan, Izaroren kontzertua izango da, 17:00etan eta 19:30ean; hilaren 23an, 19:00etan, Musika Eskola Irekia zikloaren barruan Bederatzikoa helduko da Xabier Lizaso pianoan eta Andoni Egaña bertsolariaren eskutik, eta abenduaren 26an Travellin 'Brothers Little Band arituko da, 19:00etan. Azkenik, urtarrilaren 3an, domekan, gospel kontzertua izango da 19:00etan, Ispirit ahots taldeagaz, eta urtarrilaren 5ean, martitzenean, 12:00etan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Beethovenen 250. urteurrena ospatuko du.

Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun eta GureGune gaztelekuetan

Areetako Eskoletako plazan dagoen ludotekan, aisialdirako hainbat ekintza antolatuko dira 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat: tailerrak, lankidetza-jolasak, mota askotako dinamikak… Aurten lau txanda izango dira abenduaren 23, 24, 28 eta 29an, 10:00etatik 11:55era edo 12:05etik 14:00etara, eta abenduaren 30 eta 31n eta urtarrilaren 4 eta 5ean, 10:00etatik 11:55era edo 12:05etik 14:00etara. Aurten izen-ematea derrigorrezkoa izango da, abenduaren 9tik 16ra (biak barne). Izen-emateak: https://cutt.ly/WhcRBrV .

Gainera, Romoko GureGune Gaztelekuan eta Algortako GauEgun gaztelekuan, hainbat eskulangintzako jarduera antolatuko dira, abenduaren 22an eta 23an, hurrenez hurren.

Beste ekitaldi batzuk Udalaren laguntzagaz

Gabonetarako euskarazko kultur ekitaldien artean, abenduaren 13an Algortako Bertsolari Eskolak antolatuta ALBE gala izango da, eskolako urteko jarduerei amaiera emateko. Hilaren 17an, Egizu elkarteko Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolatuta, Bernardo Atxaga idazleagaz literatur solasaldia izango da Fadurako ekitaldi-aretoan (gonbidapenak: www.egizu.eus). Hurrengo egunean, hilaren 18an, Maite Larbururen kontzertua izango da Azebarrin (gonbidapenetarako azebarri@gmail.com helbidera idatzi behar da) eta, azkenik, abenduaren 20an, Muxikebarrin, Kopla barik, Bizkaiko txapeldunen saioa ekitaldi berritzailea izango da, Bizkaiko Txapelketa irabazi duten bertsolariakaz.

Bapiruke koloniak

Bizarra Lepoan elkarteak ere, Udalaren laguntzagaz, Bapiruke koloniak antolatu ditu euskaraz, 5 eta 12 urte arteko umeentzat (gehienez 30). Aldai Patronatuaren egoitzan elkartu eta jolastu egingo dira udalerritik. Abenduaren 28tik 31ra, eta urtarrilaren 4 eta 5ean izango dira, 09:00etatik 13:30era. Izena emateko epea itxi da. Informazio gehiago: 94 491 03 87, info@bizarralepoan.eus eta www.bizarralepoan.eus.

Kirol campusak

Datozen egunetan Eusko Jaurlaritzak pandemia geldiarazteko neurriak berrikustearen zain, hainbat klubek Gabonetan kirol campusa eskaintzeko asmoa dute. Azkenean egin badaitezke, informazioa www.getxokirolak.getxo.eus helbidean egongo da eskuragarri, eta behar bezala iragarriko da.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun