Getxon, Udalak urtero horrelako kanpainak egiten ditu landare horiek kontrolatu eta errotik kentzeko hainbat tratamenduren bidez. Tratamendu horiek lur publikoetan eta gero eta esparru zabalagoetan egiten dira. Landare inbaditzaileak honako tokia hauetan kenduko dira: Gobela eta Kandelu ibaiak; Bolueko Hezegunea; estratak (Larrañazubi, Diliz, Goienetxe, Ibarrangoa, Ormaza, Saratxaga-Perune-Iturriane eta Martiturri); Aixerrotako pinudia eta Itsasargia-Matxikortiñe bidea; Arrigunaga eta Azkorriko hondartzak; Ingurumen Aretoa; Fadurako kiroldegia; Aiboa aldea eta hainbat udal-orube, besteak beste.
Ingurumen Kalitatearen Udal Alorretik diotenez, "landare horiek biodibertsitatea galtzearen eta ekosistemak aldatzearen arrazoi nagusietako bat dira. Era naturalean beste leku batera egokitzeko, lehiatzeko eta ugaltzeko gai dira. Han, aldaketa-eragile bihurtzen dira... eta kolonizatzen dituzten habitatei kalte egiten diete".
Espezie inbaditzaileak
Cortaderia selloana edo panpako luma-erratza, Hego Amerikatik heldu zen, azkar hedatu zen Kantauri isurialdean, eta daborduko kolonizatu ditu barrualdeko eremuak ere. Getxon sarri ikusten da edozein naturagunean.
Fallopia japónica edo banbu japoniarra, Asiako ekialdeko belardi-landare iraunkorra da, eta udalerrian Gobela eta Bolue ibaien ertzean aurkitzen da, nahiz eta hiriguneetan, parkeetan, lorategietan edo errepideen ertzetan ere hedatzen den.
Buddleja davidii, tximeleten zuhaixka deitzen zaio intsektu horiek erakartzeko duen ahalmenagatik, Txinako ipar-mendebaldetik eta Japoniatik dator, hainbat koloretako loreak ditu eta kolonizatzeko ahalmen handia du. Horregatik, mehatxu larria da espezie autoktonoentzat, habitatentzat eta ekosistementzat.