EH Bildutik jakinarazi dutenez, zuzenketa partzialak aurkeztuko dizkiote gobernu-taldeak proposatutako 2021eko udal-aurrekontuari, "gabezia garrantzitsuak" ikusi dituztelako. Dena dela, azpimarratu dute pandemiak sortutako krisi egoerari aurre egiteko denon lana eta ekarpenak beharrezkoak direla, eta horregatik zuzenketa partzialak bakarrik aurkeztuko dituztela.
Horien iritziz, ulertezina da aurrekontuetan etxebizitzaren aldeko apusturik ez egitea eta alokairuen alorrean murrizketak egotea. Sustapen-ekonomikoaren arloari dagokionean, krisi ekonomikoari irtenbidea bilatzeko indarrak jartzea zentzuzkoena izan arren, horren ordez murrizketak ere agertzen direla deitoratu dute.
Salatu dutenez, gainera, aurrekontuetan ez dago berritasunik gizarte kohesio arloan eta, bideratutakoa indartu arren, aurrekontu operatiboan berritasun esanguratsurik ez dagoela azpimarratu dute. Kirolari dagokionean, berriz, ikastaroetan eta diru laguntzetan ematen den murrizketa "izugarria" dela salatu dute.
Krisi egoera honetan, EAJk eta PSEk beraien betiko jarreragaz jarraitzen dutela gaineratu du koalizio abertzaleak; horren harira, gobernu-organoen soldaten (alkate, bozeramaileak eta zinegotzi liberatuak) % 15eko igoera gogor deitoratu du taldeak. Horrez gainera, Hirigintza eta Bide Publikoen atalak aurrekontuen alderik garrantzitsuena daramala salatu dute.