Ratio desegokien ondorioz, zahar-egoitzetako erabiltzaileek behar bezalako arreta jasotzen ez dutela salatu du LABek. Erabiltzaile horietako bat irudikatu dute, ohean etzanda, "Zaintza lana aitortu" zioen pankartaren aurrean. "Langile gutxiegi eta ondorioz lan-karga handiegia" dagoela azpimarratu dute; "zaintza funtsezkoa izan arren, eskari sozial horri erantzun behar diotenek, erakundeek, temati jarraitzen dute gaur egungo eredua defendatzen". Gaineratu dutenez, arreta egokia ez bermatzeaz gain, garestia da zerbitzua.
Bestalde, salatu dute Bizkaiko egoitzak langile-kopurua murrizten dabiltzala. LABen esanetan, hala egiteko emandako aitzakia COVIDaren ondorioz babes-materialerako gastua handitu izana da.