Migratutako Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Getxon

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 09:58
Jardueren aurkezpena. © GETXOKO UDALA

Ikus-entzunezko proiekzioak, sentsibilizazio jarduerak eta grafitiak izango dira abenduaren 18an ospatzen den Migratutako Pertsonen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jardueretako batzuk, horiek guztiak kultur artekotasunaren eta aniztasunaren aldeko udalerriaren alde lan egiten jarraitzeko. Ildo horretan, Getxoko Udalak hainbat proiektu eta ekimen sustatu ditu.

Bihar, barikuan, Loturak Festival izeneko jaialdiaren online bidezko bertsioa aktibatuko da. Horren helburua da migrazio-mugimenduek, eta hiriek eta lurraldeek migratzaileen harrerari eta inklusioari emandako erantzunak irudikatzea, dokumentu- eta narrazio-genero digital berrietan oinarritutako obren bidez. Proiektuaren inspirazioa Loturak Getxo (2019) da, udalerrian migratzaileen harrerari buruz sentsibilizatzeko eta narratiba digitalak sortzeko proiektu parte-hartzailea.

Orain, errealitate birtualeko lan gehienak, dokumental interaktiboak eta bideo-joko sozialak ingelesez egongo dira eskuragarri, eta horietako batzuk gaztelaniaz. Obra bakoitzak testuinguruan kokatzen laguntzen duen informazioa duen fitxa bat du, eta baita bistaratu eta/edo jolasteko azalpenekin ere. "25 bat lan dira, sufritzen duten pertsonen larruan jartzen direnak, migrazio-prozesuek beti eragiten baitute sufrimendu handia. Adibidez, aplikazio mugikor batek Europan zehar igarotzen ari den emakume siriar batekin elkarreraginean aritzeko aukera emango du, beste lan batek Kenyako errefuxiatuen munduko eremurik handiena erakutsiko du, eta dokumental interaktibo batek Filipinetako pertsonen migrazio-prozesuak erakutsiko ditu", azaldu du Jose Luis Roncero Loturak Festivaleko zuzendariak.

Bestalde, 2021eko martxoaren 17tik 20ra aurrez aurreko jaialdia egingo da Getxon, osasun-baldintzek ahalbidetzen dutenaren arabera, proiekzio, hitzaldi, tailer, eta abarrekin.

“Getxo aniztasunen alde” bideoa

Zapatuan, abenduaren 19an, 18:30ean, Getxo por las diversidades, Getxo aniztasunen alde ikus-entzunezkoa proiektatuko da Romo Kultur Etxean, aurten abian jarritako ekintzei amaiera emateko. Proiektuaren helburua da aniztasunen ikuspegitik udalerriko kultura- eta gizarte-garapenari laguntzen dieten herritarrak ikusaraztea. Proiektua Udalaren eta Unesco Etxearen ekimena da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Mujeres con Voz, Mosuak eta Amesten elkarteen laguntzagaz.

Ikus-entzunezkoa Moviltik COVID-19ren osasun-krisiaren garaian egin da, eta Cony Carranzaren (herri-hezitzaile feminista eta 2019ko Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria), Bea Severren (kazetaria eta Adingabe Transexualen Senideen Elkarteko bozeramailea), Asier Paredesen (organista eta kultura-ekintzailea), Simbarek Mohameden (integratzaile soziala, Atfal, Sahararen aldeko Getxoko elkartea) eta Iñigo Iraultzaren gogoetak biltzen ditu. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte.

Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da, Arantza Acha UNESCO Etxeko zuzendariaren eta proiektuan parte hartu duten pertsona batzuen parte-hartzearekin. Azken hilabeteetan, proiektuaren logoaren diseinuaz gain, udalerriarekin lotura duten eta LGTBI+ komunitatearen, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta herritar guztien eskubideak aldarrikatzen dituzten pertsonen 30 testigantza inguru biltzen dituzten podcast-ak egin dira.

Harro Getxon bizitzeaz, kulturarteko hirian bizitzeaz!” kanpaina

Halaber, hilaren 18an, Europako Kontseiluak bultzatutako Intercultural Cities programaren "Getxon, kulturarteko hirian, bizitzeaz harro" kanpainan parte hartu duten pertsonen irudi eta bideoen muntaia zabalduko da. Gure udalerriak RECI, kultura arteko hirien sarearen bidez parte hartzen du. Helburua hiri kideetan bizi diren pertsonei ahotsa ematea izan da, haien jatorria edozein dela ere, "Getxon, kulturarteko hirian, bizitzeaz harro" dioen kartela duen irudi bat bidaltzera animatzea. Intercultural Cities entitatea gaur hasiko da jasotako irudi guztiak zabaltzen, horien artean, gure auzokiderenak.

Zurrumurruren kontrako grafitiak

Azkenik, Udalak bultzatutako Estrategiaren barruko Zurrumurrurik Ez! Getxo Gazteak taldeak Aisibizia elkarteak eta Naiara Pedraza eta Mitxel Santamarina artistek bi grafiti diseinatu dituzte Hobekuntza Teknikorako Zentroko bi hormatan, Faduran. Gogoeta- eta elkarrizketa-saio batzuen emaitza izan dira, eta emakumeen indarra, hurbiltasuna, kulturen arteko bizikidetza eta ahalduntzea erakusten dituzte, estereotipo eta aurreiritzirik gabe. Ekintza hori abenduaren 18rako abian jarritako ekintzen barruan kokatzeaz gain, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Egunarekin (azaroaren 25a) ere bat egiten du.

Hilaren 18an bideo bat zabalduko da muralen sortze prozesuarekin eta azken emaitzarekin, sare sozialen bidez eta Udalaren webgunean.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun