Sakonean

Aniztasuna izango da gure ezaugarria etorkizunean

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 14a, 08:19

Migrazioa mundu osoan ematen den fenomenoa da; betidanik existitu da. Leku batetik bestera mugitzea gizon-emakumeen garapena bermatzeko ezinbesteko ekintza da, behar-beharrezkoa. Hala ere, mugimendu horien inguruan hainbat eztabaida piztu dira azkenaldian, xenofobia hauspotzen duten hainbat klixe, zurrumurru eta gezurrez josita. Euskal Herria, baita Uribe Kosta ere, Europako “anomalia” bat izan da urte luzez migrazioari dagokionez, “berandu” heldu delako fenomeno hori hona. Gaur egun atzerrian jaiotakoen zenbatekoa gizartearen % 10 ingurukoa da, eta kopuru hori apurka-apurka igotzen joango da XXI. mendean zehar, ekonomia indartsu dagoen bitartean, adituen arabera.

Historiaurrean hasitako fenomenoa dugu migrazioa; horren abiapuntu argia dugu Paleolito garaian Homo Sapiensak Afrika atzean utzi eta mundu osora hedatu zirenekoa, orain dela 200.000 urte. Neolitora bitartean, leku batetik bestera ibili ziren gure arbasoak, nomada modura, bizirauteko beharrezkoak zituzten lehengaiak topatzeko, arriskuetatik ihes egiteko eta leku atseginetan deskantsatzeko, besteak beste. Apurka-apurka, giza populazioak leku finko batean kokatzea ahalbidetu zuten aurrerapen teknologikoak agertu ziren, hala nola nekazaritza eta abeltzaintza; 9.000 urte igaro dira horri esker lehenengo establimendu sedentarioak sortu zirenetik Ekialde Hurbilean. Horren efektu nagusia herri eta hirien sorrera eta zibilizazioen garapena izan zen arren, leku batetik bestera joateko joera ez zen amaitu sedentarismo horregaz; hainbat premiak eraginda, gizon-emakumeek sorterria alde batean uzteko eta beste leku batera joateko beharra izaten dute oraindino ere, ezinbestean.

Pertsona bat jaio edo bizi den lekua utzi eta beste batera aldi luze baterako joatea da migrazio-mugimendu bat. Mota bi bereizi ohi dira: joaten direnak, emigranteak; eta etortzen direnak, immigranteak. Askotarikoak izan daitezke migraziora jotzeko arrazoiak; batzuk orokorrak dira, baina beste asko pertsonalak izan daitezke. Hala ere, denen artean lau dira nabarmendu beharrekoak: ekologikoak, ekonomikoak, politikoak eta belikoak. Ekologiari lotutako migrazioak hondamendi naturalen ondorioz sortutakoak izaten dira, hala nola lurrikarak, suteak edo urakanak sortzen direnean bizilekua utzi behar izaten denean. Arrazoi ekonomikoengatik migratzea ere oso ohikoa da; pertsonek euren sorterria utzi behar izaten dute bertan dagoen garapen faltagatik edo herrialdearen krisi ekonomikoagatik. Hala, gizon-emakumeek migratu egiten dute aukera hobeagoen bila euren bizitza proiektuak garatu ahal izateko. Politikaren ondorioz migratu behar dutenek, aldiz, euren askatasuna edo bizitza arriskuan dagoenean eman ohi da, intolerantzia edo irmokeria politikoagatik, besteak beste. Azkenik, gerra batetik ihes egiteko beharragatik lekualdatzen direnak ere badira; azken horiek, normalean, ondoko herrialdeetara joaten dira. 

Migrazioa Uribe Kostan

Ikus daitekeenez, askotarikoak dira migratzeko arrazoiak, eta mundu osoan ematen dira, baita gurean ere, hemen, Uribe Kostan. Kanpora joan edo gurera etortzeko beharra; emigranteak eta immigranteak, alde bietarako migrazioak daude. Alde bietara migratzeko arrazoi nagusia ekonomikoa da gaur egun; pobreziatik ihes egitea, lan hobeago baten bila joatea edo, sinpleki, etorkizun oparoago bat lantzeko nahia izatea.

“Immigrazioa gora doa eta horixe izango da euskal gizartearen ezaugarri handienetako bat XXI. mendean”

Arkaitz Fullaondo

Migrazio mugimendu horien inguruan hainbat eztabaida piztu dira azkenaldian, xenofobia hauspotzen duten hainbat klixe, zurrumurru eta gezurrez josita. Horietatik denetatik kalean gehien entzun daitekeena da immigrante “gehiegi” dagoela gurean; baina, benetan hala da? Eustatek emandako datuen arabera, kanpoan jaio direnen ehunekoa ez da % 10 baino gehiago Euskal Herrian, ezta Uribe Kostan ere.

Arkaitz Fullaondo Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko kideak azaldu digunez, Euskal Herriko migrazio-dinamikak espainiar Estatuaren logikaren barruan kokatu behar dira: “2000tik 2008ra bitartean Espainiako Estatuko ekonomia oso azkar hazi zen; jendea behar zen lan egiteko eta, horregatik, zortzi urtean ia bost milioi etorkin hartu zituen estatuak. Ordura arte, Europan immigratzaile gutxien zituen lurraldea zen Espainia (Euskal Herria barne), eta denbora gutxian, etorkin gehien jasotzen zutenen artean kokatu zen”.

Krisialdi ekonomikoa heldutakoan, aldiz, fluxu hori gelditu eta egoera orekatu egin zela azaldu du adituak. Orain, berriz, ekonomia hazten hasi da eta, horregaz batera, immigrazioak ere gora egiten hasi dira. Hala ere, migrazio-prozesu hori normala dela dio Ikuspegikoak: “Historikoki izan beharko genituzkeen pertsona migratzaileak baino gutxiago izan dugu bertoko gizarte eta eredu ekonomikoagatik. Orain, aldiz, hori aldatu egin da, immigrazioa gora doa eta horixe izango da euskal gizartearen ezaugarri handienetako bat XXI. mendeko Euskal Herrian”.

Espainiako egoeragaz alderatuta, Euskal Herrira are beranduago heldu zen immigrazioaren fenomenoa. Izan ere, Fullaondoren berbetan, Euskal Herria “anomalia” bat izan da orain dela gutxira arte Europan, ekonomia indartsua izan arren, ez delako migrazio-fluxu askorik egon. Susperraldi ekonomikoaren garaian (2000-2008), bertoko lan-merkatua Espainiakoa baino espezializatuagoa eta txikiagoa zen, eta lan informalek ez zuten beste lurralde batzuetan adinako pisurik.

“Landa eremu askorik ere ez dago hemen, Araba eta Nafarroa hegoaldean izan ezik. Era berean, lana oso erregulatuta dago; sindikatuek ez dute kontraturik gabeko lana onartzen eta indartsu daude hemen. Ezinezkoa da hemen fabrika batean kontraturik gabe lan egitea; baldintza txarretan egon daitezke, bai, baina kontratu barik ez”, azpimarratu du Fullaondok. Hala, Euskal Herrian poliki-poliki hasi zen immigrazioa, krisialdi ekonomikoa hasi zen arte. Adituak gogoratu duenez, garai horretan hasi ziren pertsona migratzaileak gurera etortzen, bertoko ekonomia oraindino indartsu zegoelako Espainiakoagaz alderatuta, 2012ra arte: “Urte horretan kolpatu zuen krisiak hemengo ekonomia, eta hemen ere migrazio-fluxua orekatu egin zen. Orain, aldiz, goraldi ekonomikoa dela eta, berriro hasi dira migratzaileak etortzen”.

Jatorri askotarikoak

Mundu osotik etorritakoak ditugu gure artean, baina denetan populazio handiena osatzen dutenak Hego Amerikatik heldutakoak dira. Ondoren Europan jatorria dutenak daude, eta gutxienak Afrikakoak eta Asiakoak. Izan ere, askotariko arrazoiak egon daitezkeen arren, gurera etortzen diren gehienak migratzaile ekonomikoak dira; migrazio-fluxuen gorabeherek ekonomiak bizi duen egoeragaz dute eragin zuzena. 

“Askok uste dutenaren kontra, migratzaile gehienak Barajaseko aireportutik datoz, ez pateretatik edo Ceuta eta Melillatik”

Arkaitz Fullaondo

Leku batetik besterako migratzaileen profilak eremu horretako lan-merkatuagaz du eragin zuzena. Hala, Lekeition eta Ondarroan senegaldarrak aurki daitezke, arrantza-guneak direlako horiek; gurean, aldiz, latinoamerikarrak daude, hizkuntzari esker zerbitzuen merkatuan arazo handirik gabe egin dezaketelako lan, berbarako zaintza-lanetan, etxeak garbitzen, tabernetan edo fruta-dendetan, besteak beste. Ekialdeko Europatik etorritako gizon-emakumeak beste profil batekoak izan ohi dira: “Emakumeek zaintzan egiten dute lan, baina gizonek industrian eta obretan ibili ohi dira, lan horiek gauzatzeko beharrezkoa den prestakuntzarekin etortzen direlako euren sorterritik”.

Afrikar jatorria dutenek, aldiz, arazo gehiago izan ohi dituzte lana topatzeko eta langabezia-tasa handia dute: “% 40k inguruk ez du lanik aurkitzen; euren pobrezia-tasa oso altua da”, Fullaondoren berbetan. Horren zergatia da, Ikuspegiko adituaren arabera, Magrebetik eta Saharaz hegoaldetik etorritakoak estigmatizatuta eta diskriminatuta daudela. Gainera, orokorrean eurak oso herrialde txiroetatik etorri ohi dira, eta prestakuntza-maila ere ez da oso altua. Ondorioz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzte, ez dituztelako beharrezkoak diren profilak betetzen.

Arazoak izaten dituzte paperak eskuratzeko orduan ere: “Asko egoera irregularrean daude hemen, eta kostatu egiten zaie beharrezkoak diren paperak lortzea”. Saharaz azpikoen artean, gainera, adituak azaldu duenez, “ekonomia-sare batzuk sortu dira, kalean saltzen ibiltzen direnen artean, adibidez. Bizirauteko dinamika batzuetan sartzen dira, eta oso zaila egiten zaie beste enplegu bat lortzea”. Izan ere, enplegu bat lortzea da paperak lortzeko eta egoera erregularizatzeko bide nagusia. “Hala, lan-merkatuan enplegagarritasun handiena dutenek erraztasun gehiago izango dute paperak lortzeko; eta horiek Hego Ameriketatik etorritakoak dira, hizkuntzagatik”. 

Alokairuen merkatua

Uribe Kosta eskualdearen ezaugarri berezietako bat da etxebizitzaren prezioa oso altua dela, Getxon batez ere. Espainiako Sustapen Ministerioak 2017an emandako datuen arabera, espainiar Estatuan etxea erosteko bosgarren udalerririk garestiena da Getxo. Hala ere, Fullaondok gogoratu duenez, ez da berdina Areetan edo Itzubaltzeta/Romon bizitzea, ezta Leioa erdigunean edo Lamiakon zein Pinuetan ere. “Uribe Kostako zati handi bat urbanoa da, eta ezberdintasunak daude auzo batetik bestera”. Era berean, migrazio-prozesu batean etapa ezberdinak daudela dio, “eta horiek oso lotura estua dute etxebizitzarekin dagoen erlazioarekin”. Pertsona migratzaileek, leku berri batera heltzen direnean, ez dute segituan etxebizitza bat alokatzen; “lehenik eta behin, senide edo lagun baten etxera joaten dira, aukera hori izatekotan. Bestela, ohe bat alokatuko dute gela batean; gero gela osoa eta, ondoren, gauzak hobeto doazenean, etxebizitza osoa. Seguruenik, azken kasu horretan, alokairu osoa ordaintzeko gela batzuk alokairuan jarriko ditu baita ere. Eta, azkenik, gauzak oso ondo doazkionean pertsona horri, etxea erosiko du”. Hala, pertsona migratzaileak beste merkatu batean mugitu egiten dira, “logelen alokairuaren merkatuan, alegia. Hala ere, egoera hori ez da oso arraroa gaur egun. Izan ere, bertokoak izan arren, gazte askok etxebizitzak konpartitzeko beharra izaten dute inguruotan, ezinezkoa egiten zaiolako alokairu oso bat euren kabuz ordaintzea”.

Aniztasunaren gizartea

Gaur egungo gizartea azken hamarkada bietan emandako migrazio-prozesu horren ondorioa da. Aniztasuna areagotu egin da. Hala ere, horrek ez du zertan arazo bat izan. “Tentsioak sortu dira inoiz, baita elkarbizitzarako arazoak ere. Hala ere, horiek kudeatzen ikasi beharko dugu ezberdintasun sozialik ez emateko. Ez diogu ikuspuntu dramatiko batetik heldu behar erronka horri gizarte justu, kohesionatu eta berdintasunean oinarritutako bat eraiki ahal izateko”, Ikuspegikoaren arabera.

“Zurrumurruak, nolabait, kanpotik datorrena kategorizatzeko erabiltzen dira. Leku denetan ematen den fenomenoa da”

Xabier Aierdi

Esan bezala, immigrazioak gora egin du azkenengo urteotan, eta tendentzia horregaz jarraituko du aurrerantzean ere, ekonomiak hala bermatzen duen bitartean, behintzat. Egoera horren aurrean, alderdi ultraeskuindarrek etorkinen kontrako diskurtsoak gogortu dituzte espainiar Estatuan; hala ere, mezu horiek oraindino ez dute horrenbeste kutsatu Euskal Herriko gizartea, Ikuspegik egindako azkenengo Barometroaren arabera (2018).

Zurrumurruen zurrunbiloa

Ikusi dugunez, gurera etortzen diren migratzaileen gehiengoa ez da Afrikatik edo Asiatik etorritakoa, baizik eta Latinoamerikakoa. Pertsonak migratzera kondenatu dituzten hainbat fenomeno eman da azkenaldian, errefuxiatuen krisialdia deitu zaiona, besteak beste. Horren harira, askotariko mezuak zabaldu dira gurean, hala nola gerretatik ihesi dauden familiek Europara datozela modu masiboan, Siriatik batez ere. Gureari dagokionez, irudikatu gura izan dena da Ceuta eta Melillako hesia salto eginez edo pateretan etorri direla immigrante gehienak hona; hala ere, ez da inondik inora horrela. “Espainiar Estatura datozen gizon-emakumeen gehiengoa Barajaseko aireportutik (Madril) datoz, edo autobusez”, argitu du Arkaitz Fullaondok.

Mezu xenofobo eta alarmista horiek ez dute eragin handirik izan oraindino gurean; bai, ordea, Andaluzian; VOX alderdi ultraeskuindarrak gorakada nabarmena izan du han. Ikuspegik egindako azkenengo Barometroaren arabera, 2018an Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek ez zuten uste immigrazioa gizartearen arazo bat denik; % 7,7k baino ez du iritzi hori, eta % 4,5ek, aldiz, arazo pertsonaltzat du. Aurreikus zitekeenez, euskal herritarrek atzerritar jatorriko pertsonak iristearekiko duten tolerantzia-maila egoera makro-ekonomikoari lotuta dago. Hala eta guztiz ere, euskal herritarren jarrerek krisi-garaiko erasoak jasan dituzte eta kezka handienek gure ongizate-estatuarekiko mehatxuakaz dute zerikusia; horiek aurreiritzi eta zurrumurruetan islatzen dira.

Xabier Aierdi EHUko irakasle eta immigrazioan adituak dioenez, normala da egoera ezezagun baten aurrean zurrumurruak egotea, “nolabait kanpotik datorrena kategorizatzeko erabiltzen dira”. Azaltzen duenez, “edozein gizartek ulertu behar du gertatzen ari dena eta, halako batean, immigranteak datoz eta horiek kokatzeko, nolabait, aurreiritziak sortzen dira”. Hurrengoak dira nabarmentzekoak: “Hemen dauden gizarte-politikez baliatzera datoz”, “lana kentzera datoz”, “delinkuenteak dira”, “matxistak dira”. Hala ere, Aierdik azpimarratu duenez, zurrumurru eta aurreiritzi horiek denak ez dira berriak, ezta berton sortuak ere, “leku denetan ematen dira, oso antzekoak dira Alemanian, Frantzian eta Euskal Herrian”.

“Etorkin gutxi dagoenean deigarriagoak egiten zaizkigu. Nobedadea denean gain-errepresentu egiten ditugu”

Xabier Aierdi

Zurrumurruak, orokorrean, bertokoei “seguru” sentiarazteko mezuak helarazteko erabiltzen direla dio Aierdik. “Kopla-buruko bat dira, gizartearen alde batek beti bilatu izan du hori egoera jakin batean arazoak justifikatzeko eta errua norbaiti botatzeko”, gehitu du Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko kideak. Hala ere, zurrumurruen eta estereotipoen existentzia berez arriskutsua ez dela uste du Aierdik, “arazoa da horietan oinarrituta biztanleriaren zati bat diskriminatzea”. 
Euskal herritarren iritziek eta jarrerek agerian uzten dute komunikabideok oso paper garrantzitsua dugula gizartean iritziak eta “gogo-aldarte” jakinak sortzeko orduan. Komunikabide askok zabaltzen dituzten irudiek errealitatea desitxuratzen dute eta immigrazioaren irudi distortsionatuak sortzen dituzte. Horien artean nabarmentzekoak dira etorkinen bolumenaren neurriz kanpoko pertzepzioa, besteak beste. Ikuspegik egindako Barometroaren arabera, herritarren gehiengoak uste du etorkinak gizartearen % 20 ingurukoa dela, benetako neurria erdia den arren. Horren harira, Aierdik dio “ilusio optiko” baten aurrean gaudela: “Etorkin gutxi dagoenean deigarriagoak egiten zaizkigu gehiago daudenean baino. Nobedadea denean, konturatu barik, gain-errepresentatu egiten ditugu”.

Delinkuentziagaz ere lotu dira immigranteak azken urteotan, haiek etortzeagaz batera delituak areagotu egin direlakoan. Aierdik gogoratu duenez, ezinezkoa da alde biak erlazionatzea, gero eta etorkin gehiago ditugun arren delinkuentzia-tasa asko txikitu delako. Hala ere, aitortzen du delinkuenteen artean etorkinen presentzia “nabarmena” izan daitekeela, “hori ezin da ukatu”. Baina kontu handiz egin behar dugu irakurketa: “Delituen gorakadak ematen direnean, litekeena da immigranteak asko izatea kasu horietan. Hala ere, delinkuentzia-tasa osoa hartu eta gizarte guztiarekin alderatuz gero, seguruenik immigranteen kopurua txikia izango da”. Izan ere, gogoratu duenez, delitu txikien praktikak “normalagoak” izan ohi dira gizartearen sektore diskriminatuetan. Horren harira, Aierdik uste du integraziorako politikek garrantzi handia dutela gizarte hartzaileetan, delinkuentziak eta integrazioak lotura estua dutelakoan. Hala, etorkinen enplegagarritasuna mahai-gaineratu du adituak: “Enplegu-tasa altua denean, normalean, delinkuentzia-tasa jaisten da”. Adituaren ustean, jendearen integrazioa bermatzeko politikek hezkuntzan jarri behar dute indargunea: “Modu horretan, lan-merkatuan sartzeko aukerak areagotzeaz gainera, jendea motibatzea ahalbidetzen da etorkizun oparoago bat izateko nahiagatik”.

Asimilazionismoa

Gaur egun indarrean dagoen pentsamoldea da etorkinak eta bertokoak batak bestearen ohituretara ohitu edo integratu beharra dutela. Hala ere, Aierdik dio hori gertatzea oso zaila dela. Normalean, gizarte gehienek joera asimilazionista dute, hau da, kanpotik datozenak izan daitezela bertakoak bezalakoak, zer ikusi, han huraxe ikasi esamoldeak dioena egikarituz. Hala ere, bide hori egokiena ez dela uste du adituak, eta aldebikotasunaren alde dago. Baina, azken bidea martxan jarri arren, aditua ziur dago asimilazio-prozesua emango dela beti, “etorkinek nahi izango dutena da bertokoak bezalakoak izatea; agian ez lehenengo belaunaldian, baina seguruenik bigarrenetik aurrerakoek bai. Hala, konturatu barik, beren buruak asimilatuz joango dira, bertokoen ohiturekin apurka-apurka nahastuz, besteak beste”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun