Kultur sortzaileen formakuntza bultzatzeko 30.000 euro bideratuko ditu Getxoko Udalak

Erredakzioa 2021ko urt. 4a, 14:28

Getxoko kultur sektorean dabilen gizon-emakumeen formakuntza bultzatzeko ekimena bultzatu du Udalak. Horren bitartez diru-laguntzak emango dira honako arlo hauetako ikastaroak egiteko: literatura, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, arte bisualak, ondarea, arte-bide berriak eta kultura arloko ikasketa espezifikoak.

Pasa den urtean Getxoko Kultur Etxeak bi deialdi zabaldu zituen COVID-19ren ondorioz sortutako osasun-krisiari aurrera egiteko, kultura-sormena bultzatuz eta Udaleko eraikinetan kultur sektoreak proposatutako ekimenak programatuz. Horiei beste hirugarren bat gehitu zaie, kultur sektorearen formakuntza bultzatu guran. Aurrekoakaz bezala, 2020an ospatu ez ziren jaien baliabideak erabiltzeko konpromisoa bete gura izan du Udalak.

Deialdi berriaren helburua da Getxoko kultur sektoreko kideen kultur formazioa hobetzea. Horretarako, sektoreko enpresa eta profesionalen kultur ezagutzak eta gaitasunak sakontzen lagundu eta Udaleko elkarteen erregistroan izena eman duten kultur elkarteetako kideen kultur formazioa areagotu nahi da.

Ekimen horren bitartez diru-laguntzak emango dira honako arlo hauetako ikastaroak egiteko: literatura, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, arte bisualak, ondarea, arte-bide berriak eta kultura arloko ikasketa espezifikoak. Pasa den urteko martxoaren 13tik aurrera eginiko ikastaroetarako laguntzak eskatu ahal izango dira, eta deialdiaren epea 2021eko urtarrilaren 5etik azaroaren 15era zabalik egongo da. Guztira, 30.000 euro esleitu zaizkio ekimen horri.

Laguntza eskatzeko prozedura

Laguntza horiek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Getxon jarduera profesional edo kultural asoziatiboa garatzen dutenak. Bi laguntza-ildo ezartzen dira, eta, bakoitzean, aipatutakoaz gain, bete beharreko baldintzak hurrengoak dira: 1.go ildoko laguntzak eskatzeko, Getxon egoitza fiskala duten kultur sektoreko enpresetako kide edo autonomoa izatea. 2. ildokoak eskatzeko, berriz, Getxoko udal-erregistroan inskribatutako elkarte bateko kide izatea beharrezkoa izango da.

Deialdiaren inguruko informazio osoa www.getxo.eus/kulturadirulaguntzak estekan egongo da eskura bihartik, martitzenetik, aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun