Gune publikoen garbiketaz eta birziklatzeaz kontzientziatzeko kanpaina abiatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 09:16
Kanpainarako kubo erraldoia San Nikolas plazan egongo da, otsailaren 1era arte; ondoren, lekuz aldatuko dute. © GETXOKO UDALA

Ecoembes eta Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko erakundeakaz lankidetzan, udalerriko kaleak, plazak, hiri- eta natura-inguruneak garbi mantentzeko beharrari eta birziklatzea errazteko hondakinak bereizi beharrari buruzko kontzientziazio-kanpaina abiatu du Getxoko Udalak. 16 metro koadroko azalera eta 3 metroko altuera duen kubo handi baten bidez, herritarrei gogorarazi gura diete eremu publikoa garbi mantendu beharra dagoela, eta sortzen diren hondakinak bereizi behar direla. "Gorde dezagun garbi gure etxea, bereizi ezazu!" lelopean, kuboa Algortako San Nikolas plazan egongo da, otsailaren 1era arte; ondoren lekualdatuko dute.

Kuboaren barruan informazio eta datu gehiago gorde da eta horiek denak datorren martitzenean, urtarrilaren 26an, argituko dira. Kanpainaren aurkezpenean, Amaia Agirre alkateak nabarmendu duenez, "gure eremu publikoak (kaleak, plazak eta parkeak) garbi edukitzeko beharrean eragin nahi du kanpaina honek. Gure inguruneak garbi mantentzeak eragin zuzena du gure eguneroko bizian eta naturan, azken finean, Giza Garapen Iraunkorrean. Horrenbestez, gure etxeetan egiten dugun bezala, bide publikoan berdin jokatzea da kontua, espazio publikoa gure etxearen hedadura bihurtuz eta gure hondakinak dagokien tokira botaz, kanpainaren euskarri den kuboan agertzen diren egoeretara ez iristeko”.

Kuboa astebetez itxita egongo da eta hurrengoan irekiko da, sortzen diren hondakinak non amaituko duten gogorarazteko. Izan ere, eremu publikoan dauden edukiontziak eta paperontziak erabili beharko dira. "Helarazi nahi dugun kontzeptua da gure kaleak eta plazak ere gure etxea direla eta horrela tratatu behar ditugula. Geure gain hartu behar dugu gure hiri-inguruneetan hondakinak garbitzeko eta sortzeko dugun erantzukizun indibidualaren maila. 2022rako gure hiri-hondakinen %50 birziklatzeko Europako Batasunak ezarritako erronka lortzeko, gutako bakoitzak gure etxeetan eta saltokietan birziklatzeko erabakia hartu behar du. Getxon, hondakinen bereizketa-tasa %34,50ekoa da, eta pertsona askoren inplikazioari esker bilakaera positiboa izan den arren, gehiago gehitu behar ditugu. Gure hiriarekiko ingurumen-konpromisoa handitzeko, beharrezkoa da bereizketa-praktika horiek gure eguneroko ohituretan txertatzea, bai gure etxeetan, bai gure lan eta aisia-guneetan. Erronka kolektiboak norbanakoaren konpromisoa behar du”, Joseba Arregi Ingurumen Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak adierazi duenez.

Kanpainak gogoraraziko du, herritar eta merkatari askoren banakako erabakiari esker, Getxon 44,35 kg/biztanle/urteko bildu direla edukiontzi urdinean (kartoia eta papera), 25 edukiontzi berdean (beira) eta 21,54 edukiontzi horian (latak, plastikozko ontziak eta brikak). Eta edukiontzi grisera (errefusa) joaten diren 250 kg/biztanle/urteko gehienak edukiontzi marroira eramateko erronka geratzen dela. Alde horretatik, hondakin bakoitza behar bezala gorde behar dela azpimarratuko da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun