Elkarrizketak

“Gaur egun, jendeak ez ditu talde lokalak babesten”

Asier Barruetabeña Rivallo 2021ko urt. 25a, 10:44

Etxe zahar baten atea ostikada batez lurrera bota eta, jakin barik, laster lagunak bihurtuko ziren hamarnaka gazterekin sartzen gineneko garaietan nork ez zuen musika-talde bat sortzeko asmoa izan... Bagauda taldearen doinuek kez beteriko urte horietara eramango gaituzte; zelako garaiak...

Nondik zatozte, zein da zuen musika-estiloa eta zergatik izen hori?

2017ko uda hasieran, Sopelako jaietako arratsalde batean, kontzertu bat ikusten ari ginela, gure talde propioa sortzeko gogoa piztu zitzaigun, nahiz eta Terrones musika-jotzen zekien bakarra izan. Anplifikadorerik gabe egin genituen lehenengo entsegua eta kontzertuak gure lonjan, Txorimalo gaztetxean eta Plaza Beltzan, besteak beste. Urtebetera lehen maketa grabatu genuen. Ostean, Terronesek taldea utzi behar izan zuen eta Aitortxuk ordezkatu zuen. Bagauda da orain daukagun izena. 

Oso talde gaztea zarete. Zelan ikusten duzue musikaren panorama zuen adin-tartean?

Azkenengo bi urteotan talde gazte nahikotxo agertu dira, baina ez dago mugimendu handirik. Guk uste dugu moda eta panfletismo kontu bat dela, gehienbat. Garrantzia gehiago ematen zaio sare sozialetan egoteari kalean egotera baino.

Nahiko estilo zehatza duzue. Zer deritzozue Euskal Herriko skinhead mugimenduari?

Badakigu lehen mugimendu gehiago zegoela, eskualdean zein Euskal Herrian, baina urteak aurrera joan ahala jendeak beste bide batzuk hartu ditu. Orain, kontua da, orokorrean, itxurakeri handia dagoela; oso erraza da estetika bat jarraitzea. Jendea orain ez da mugitzen, ez ditu kontzertuetako sarrerak ordaintzen, ezta talde lokalak babesten ere.

Estilo zehatza duzuela diogula, zein da alkandora eta tiranteak hain txukun izateko sekretua? Konfiantzazko sastrerik al duzue?

Aspalditik dugu hitzarmena Azkorra S.L.-ren artilearekin arropa neurri-neurrian egiten digun Tejidoz desastrez Zarate y Co. langile-kooperatibarekin.

Azkenengo egunetan komunikabideetan AEBetako Kapitoliora The Riff Truckers taldeko zaleen erasoa ikusi eta gero... zuek Biden- edo Trump-zaleak zarete?

Materialismo dialektikoak esango lukeen bezalaxe: “Aupa atletik mankepierda".

Bagauda:
Erromatar inperioaren aurkako nekazarien matxinadak izan ziren bagaudak; gaur egungo Frantzian sortu ziren arren (Galian), Baskoniako tribuen artean hedapen handia izan zuten V-VII mendeen artean. Nekazal-matxinadak izaten jarraitu zuten urte luzez, baina, apurka-apurka, tribuon artean nazioaren ikuspegia batu eta izaera askatzaile bat hartu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun